Leioan "Jagolearen etxea" bezala ezaguna den etxetxoa berritzeko proiektua du Udalak, Eneko Arruebarrena alkateak iragarri duenez. Langileria 202. zenbakian, Artatza Jauregiaren atzeko aldean dagoen eraikina moldatzea eta erabilera publikoa ematea da asmoa. "Udalaren asmoa zonalde horretako udal bulego deszentralizatua bertan ezartzea da, eta honetaz gain bestelako ekipamendu bat ezartzea bertan herritarrei zuzendutakoa", zehaztu du agintari leioaztarrak. Berrikuntza lanek eraikinaren berezko estetika mantenduko dute, eta bide batez, atzeko aldean zati berria gehituko zaio eraikinaren edukiera zabaltzeko asmoz. Horrela, eraikin berriztatu osoaren azalera 150 metro koadro baino gehiagokoa izango da, erabilera nagusi bitan banatuta. Alde batetik, 60 metro koadroko azaleran bulego administratiboa ezarriko da. Zehazki gaur egun Pinueta auzoan dagoen bulegoa, hau da, udal tramiteak egiteko zonaldeko herritarrek erabiltzen duten bulegoa. Bigarren erabilera txokoarena da. Eraikinaren 90 metro koadro herritarren erabilerarako zuzendutako auzoko txoko izango da. Sukaldea eta jantokia prestaturik edozein leioaztarrak, eta bereziki zonaldekoek, txoko hau erabiltzeko aukera izango du bazkariak, ekintza gastronomikoak edota sozialak egiteko. Modu honetan, Leioako hegoaldeko biztanleek iparraldekoek duten San Bartolomeko txokoaren antzeko udal zerbitzu batez gozatzeko aukera izango dute. Argazkian, Eneko Arruebarrena Leioako alkatea.