Joan den astelehenean
57 urteko langile bat zendu zen Lemoizen, hondeaketa lan batzuetan. Gaurkoan, berriz, horren gaineko iritzia plazaratu du
LAB sindikatuak. Erakunde abertzaleak "bitxia" deritzo
Osalanek "istripua ez traumatikotzat jotzea, heriotza honen arrazoi naturalak aipatuz eta, horrela, istripua ikertzea saihestuz". LABen ustez, "lanaldi amaigabeak, laneko erritmo gehiegizkoak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna; azken finean, herrialdeko hitzarmena ez betetzea eta honek dakarren sektorearen desarautzea funtsezko faktorea da antzerako istripuak gerta daitezen". Gauzak horrela, administrazio publikoei exijitu die herrialdeko eraikuntzako hitzarmena betetzea bermatzeko, gutxieneko lan baldintzen errespetuaren bermatzaile bezala. "Zoritxarrez, Felixen heriotzak ez du dagoeneko konponbiderik, baina guztion erantzukizuna da, batez ere instituzio publiko eta enpresariena, langileen biziarekiko gutxieneko errespetua izatea", amaitu du LABek. Argazkian, LABeko ordezkarien elkarretaratzea, artxiboko irudian.