Bilboko Iruarteta ikastetxean eman du botoa Patxi Lopez EAEko lehendakariak eta
PSE-EEren hautagaiak, goizeko 10ak pasatxo, bere emazte Begoña Gilek lagunduta. Bertara heldu bezain laster, lagun talde batek egin die harrera, "Preso eta iheslariak" etxera irakur zitekeen kartelak eskuan.
Naiz.info agerkari digitalaren arabera, Lopezek zeraman segurtasun taldeko kideek bertatik ateratzea eskatu diete presoen aldekoei. Orduan etorri dira tira-birak eta tentsio uneak. Lehendakariak berak esan omen die lasai bozkatzen uzteko. Baina, lagunetako batek erantzun dio ez zirela botoa ematen eragozten ari. Iturri berberen arabera, hauteslekuaren barruan armadun pertsonak (bizkartzainengatik) egotea aurpegiratu diote PSEkoari. Azkenean, gela hustu eta botoa eman dute Lopezek eta bere emazteak. Horren ostean, "batzuk enteratu nahi ez diren mehatxuka jarraitu nahi duten arren, Legebiltzarra askatasun osoz aukeratzen den lehendabiziko aldia" dela adierazi du lehendakariak. Ildo horretan, "EAE nola eraiki nahi duten erabakitzeko eskubidea" baliatzera deitu ditu Lopezek herritarrak. Argazkian, Patxi Lopez artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.