Lehendakaritzan, Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean egin dute agerraldia 18:00etan Raul Fernandez de Arroiabe Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo sailburuordeak eta Sonia Fernandez Hauteskunde Administrazioko zuzendariak. Bertan eman dituzte 17:00ak arte izan diren parte hartze indizeei buruzko datuak. Ordu horretara arte, Eusko Legebiltzarreko gaurko hauteskundeetan bozkatzeko aukera duten EAEko 1.775.336 biztanleen %47,21k emanda zuen botoa, 2009an baino %1,61 gutxiagok, Fernandez de Arroiaberen arabera. Lurraldeen arabera, Bizkaian zen parte-hartzerik handiena: %47,94, hain zuzen ere. Duela lau urteko hauteskundeak baino %3 txikiagoa, baina. Gipuzkoari dagokionez, 17:00ak arte, hautesleen %46,97k eman du botoa; 2009an baino %0,93 gehiagok, beheranzko joera apurtuz. Azkenik, Araban, %45,03koa zen parte-hartzea aipatu orduan; duela lau urte baino %2,08 txikiagoa. 20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak. Herrizaingo sailburuordeak eguerdian esan duenez, parte hartzearen beherakadan "eguraldi kaskarrak eragina izan dezake, beste faktore batzuen artean". Argazkian, Herrizaingo sailburuordea eguerdiko prentsaurrekoan / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.