Uribe Kostak bost ordezkari izango ditu Eusko Legebiltzar berrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 22a, 01:20

Gaurko hauteskundeek utzitako emaitzei erreparatuta, bost izango dira Eusko Legebiltzar berrian eserlekua hartuko duten Uribe Kostako lagunak. Euzko Alderdi Jeltzalean, orain arte legebiltzarkide izandako Iñigo Iturrate Ibarra bilbotar algortatua eta Juan Antonio Arieta-araunabeña Ibarzabal areetarra izan dira aukeratutako uribekostarrak. Aulkiari eutsi dio, beraz, Iturratek. EAJk Bizkaian lortutako hamaika ordezkarietatik zazpigarrena da 2009tik Legebiltzarreko bigarren presidenteordea izandakoa. EH Bildu koalizioak, berriz, Laura Mintegi Lakarra algortarra bera eta Leire Pinedo Bustamante sopeloztarra eramango ditu Gasteizko parlamentura. Azken hori Bildu koalizioko zinegotzia ere bada Sopelako Udalean. PSE-EEri dagokionez, orain arte Hezkuntza sailburu izandako Isabel Zelaa Dieguez getxoztarra izan da berriro hautatua. Argazkian, Iñigo Iturrate EAJk Areetan egindako ekitaldi politikoan.

Uribe Kostako legebiltzarkideen curriculumak

• Iñigo Iturrate Ibarra (EAJ)

2000ko ekainaren 6tik Algortan alderdikidetua eta Bilbo Zaharrean 1979-5-7tik alderdikidetua. 49 urte. Euskalduna. Animatzaile soziokulturala. EGIren barruan Herrialde eta Aberri kontseiluetako kide. Bilbo Zaharreko burukide eta lehendakari, Bizkaiko Herrialde Batzarreko ahaldun, Alderdi Etxeko eta Gaztetxo eskolako zuzendari eta Aberri Batzarrean Bizkaiko ordezkaria. 1991etik 2007ra Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidea 1995etik 2003ra Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari ordea eta Bizkaiko Foru Aldundian Berdintasuna eta Hiritarren Eskubide arloko Zuzendari Nagusia. Gaur egun Gasteizko legebiltzarkidea.

• Juan Antonio Arieta-Araunabeña Ibarzabal (EAJ)

1978ko irailaren 11tik Areetako Ondarreta Uri Erakundean alderdikidetua. 57 urte. Euskalduna. Zuzenbidean lizentziatua. Hizkuntzak: frantses ezagupenak. Udaleko kontu-hartzailea, gaur egun eszedentzian. Ondarretako UBBko lehendakari ohia. 2001etik Eusko Legebiltzarkidea.

• Laura Mintegi Lakarra (EH Bildu)

1955eko urriaren 26an Lizarran jaioa, 1973tik Algortan bizi da. Historian lizentziaduna eta Psikologian doktoratua. 1981. urtea geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da. Saileko zuzendaria izan zen 1999tik 2006ra eta berriz ere 2010etik gaur egunera arte. Horrez gain, 2004a geroztik, Euskal PEN Klubaren presidentea da. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an. Hainbat lan ere idatzi ditu eta lan horiengatik hainbat Literatura Sari bereganatu ditu, horien artean Azkue Nobela Saria, Donostia Hiria Saria eta Jon Mirande Saria. Ohiko kolaboratzailea da hedabideetan, bai ikus-entzunezkoetan bai eta idatzizkoetan ere. Hauteskunde ezberdinetan hautagai izan da ere Laura Mintegi. 1987 eta 1989ko Europar Parlamenturako hauteskundeetan Herri Batasunako zerrendetan joan zen eta 2011ko azaroko hauteskunde orokorretan Amaiur koalizioko hautagai izan zen. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoregai izan da bi aldiz.

• Leire Pinedo Bustamante (EH Bildu)

Sopela, 1976. 36 urte. EAren Batzar Nazionaleko Ekonomia eta Zerga Politikarako idazkaria. Ekonomian lizentziatua. Finantza sektorean garatu du bere ibilbide profesionala kudeatzaile eta aholkulari moduan. Bere ibilbide politikoa Gazte Abertzaleak taldean hasi zuen, erakunde honetan Uribe Kosta eskualdeko koordinatzaile eta Euskadiko Batzorde Eragilean finantza idazkaria izan da. EAren Sopelako erakundeko kide, Sopelako zinegotzia 2007tik eta EAren Batzar Nazionalako kide 2009tik. Sopelako Udal Gobernuko kidea 2011tik.

• Isabel Zelaa Dieguez (PSE-EE)

Isabel Zelaa Dieguez Bilbon jaio zen 1949. urtean. Ingeles Filologian eta Zuzenbidean lizentziaduna, EGA agiria ere badu. Gazte-gaztetatik hezkuntzari lotua, Ingelesa eta Literaturan katedraduna da, eta Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendaria izan da. Legebiltzarkidea 1998tik legegintzaldi honetara arte, talde sozialistaren barruan gizarte-politikez arduratu da eta Hezkuntzako bozeramalea izan da Eusko Legebiltzarrean. Era berean, hainbat aldi bete ditu Legebiltzarreko Mahaian. Orain hiru urte, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu bilakatu zen. Sail horretan lehenago ere zuzendaritza-kargu garrantzitsuak bete zituen, Hezkuntzako sailburuordea barne, Jose Ramon Recaldere eta Fernando Buesaren aginduetara. 1995 eta 1998 bitartean, berriz, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantzako Kabinetea zuzendu zuen Ramon Jaureguiren sasoian.

Era berean, Isabel Celaa Euskadiko Eskola Kontseiluko presidenteordea izan da eta, kargua eskuordetzan hartuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluko kontseiluburua; Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritza Kontseiluko kidea ere izan da.

Zelaa kultura irlandarrari lotu-lotuta dago. Ezkondua eta bi alabaren ama da, eta politikarekiko pasioa familia-bizitzarekin eta paseo luzeekin partekatzen ahalegintzen da. Getxo udalerrian bizi da.

Uribe Kostako azken hauteskunde emaitzak (cc-by Ukberri.net)



Uribe Kostako udalerrien datuak (cc-by Ukberri.net)



Legebiltzarraren osaketa urtez urte (cc-by Argia.com)



Botoen eboluzioa azken 3 urteotan (cc-by Argia.com)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun