Astearte honetan, urriak 23, EHUko
Zientzia eta Teknologia Fakultateko gradu aretoan, jardunaldi zientifiko eta instituzionala egingo du Biofisika Unitateak. Horren bitartez, Leioa eta Erandioko campusean duen egoitzaren 10. urteurrena eta datozen urteotan aurreikusitako hazkunde planak ospatuko ditu, unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez. Ekitaldiak bi saio ditu. Goizean, 9:00etatik aurrera, dibulgazio jardunaldia egingo da. Horren helburua biofisika gizarteratzea eta azken urteotan unitateari atxikitako ikerketa taldeek izan duten ibilaldi bizi eta emankorra balioestea da. Zientzia munduko, enpresako eta administrazio publikoetako 150 bat pertsona gonbidaturik daude, hizlarien artean Alberto Diaspro Instituto Italiano di Tecnologiako Nanofisika saileko zuzendaria eta Biofisika Sozietateen Europar Elkarteko (EBSA) presidente ohia izango dela. Arratsaldean, berriz, saio instituzionala egingo da, 17:00etatik aurrera. Bertan izango dira Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea; Isabel Celaá momentuz Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua; Esther Gutiérrez Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa; eta Félix Goñi Biofisika Unitateko zuzendaria. Argazkian, Zientzia eta Teknologia Fakultatea.