EH Bilduk hauteskundeen osteko lehenengo hausnarketa plazaratu du gaur goizean, Donostiako Miramar jauregian: “Aldaketaren eta burujabetzaren alde inoiz egon ez den indar metaketa sendoena ordezkatzen dugu”. Urriak 21eko hauteskundeetan hautatuak izan diren EH Bilduren ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean, Donostiako Miramar jauregian. Laura Mintegi bozeramailea pozik agertu da hauteskunde emaitzekin: “Begi bistakoa da garai berri bat abiatu dugula. Emaitza onak eta indartsuak izan ditugu, 21 legebiltzarkide eta 276.989 bozka aldaketaren eta burujabetzaren alde”. “Inoiz egon ez den aldaketaren eta burujabetzaren aldeko indar metaketa sendoena ordezkatzen dugu”, laburtu du kazetarien aurrean. Mintegik beste aukera politikoen inguruan ere hitz egin du hauteskunde biharamanuen: “EAJ eta bere hautagaia zoriondu dugu, hauteskundeetan garaile atera direlako. Bestalde, PSEk eta PPk ordezkatzen duten aukera konstituzionalak porrot egin duela agerian utzi dute emaitzek. Agerian geratu da Eusko Jaurlaritzaren aldetik egin den autonomiaren defentsa otzana eta sumiso horrek ez du emaitza onik atera. Gehiengoak erantzun ozena eman du: Legebiltzarra abertzaleen esku utzi du, 3tik 2 izango gara”. Argazkian, EH Bilduk lortutako 21 legebiltzarkideak gaurko agerraldian / cc-by-sa Euskal Herria Bildu.