EAJk eta Bilduk "zergak igotzeko hitzarmena" adostu dutela adierazi du gaur Getxoko PPk. Marisa Arrue popularren bozeramailearen arabera, "bigarren urtez jarraian, %3,1 igo nahi dituzte Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Zirkulazio Zerga eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga". Bere ustez, "krisialditik irteteko modua ez da bizilagunak estutzea, horietako batzuk hilabetea bukatzera ere ezin direnean heldu. Konponbidea da behar-beharrezkoak diren kontuetan gastatu eta enpresei laguntzea, horiek enplegua sor dezaten". Arrueren hitzetan, iaz "37,4 milioi euro soberan" izan zituen Udalak, beste "40 milioi euro banketxeetan" sartuta ditu eta "7 milioi euro kobratzeke". Hori dela eta, balizko zergen igoera ez du babestuko Getxoko PPk, hilaren 30eko udal batzarrean. Are gehiago, horiei zuzenketak egingo dizkio, "getxoztarrak lagunduko dituzten hobariak ezartzeko". Argazkian, orain astebete
bost zergen inguruan hitz egiteko baldintzak ezarri zizkion Getxoko Bilduk EAJri, tartean IBI eta gainontzeko zergetan hobariak eta bestelako neurriak ezarriz, langabezian zein egoera ekonomiko estuan daudenek gutxiago ordaindu behar izateko.