Lan horiek amaitu aurretik hasiko dira 4B (fatxada eta instalazioen eraikitzea) eta 4C (akaberak) faseetakoak ere. Hori guztia osotuko dute inguruko guneak urbanizatzeko dagoeneko egiten ari diren jarduerarekin. Horren adibidea da Andres Kortina kalearen urbanizazioa, amaituta dagoena. Bestalde, Getxo Antzokiaren eta Musika Eskolaren eraikin berrietako solairuen egitura metalikoa bere tamaina osora iritsi da jada, udal arduradunek aipatu dutenez. Bakarrik estalkiko xehetasun batzuk daude egiteke, horiek egiteko hurrengo faseko lan jakin batzuk egin behar direlako lehenago.
Gero eta hurbilago
“Etorkizunean arteentzat Getxok izango duen gunea gero eta hurbilago dago getxotar guztien nahia, ikusleena zein artistena, egi bihurtzeko, kulturgintzaren adierazpen guztiek eskaintzen diguten guztiarekin gozatzeko eta hunkitzeko espazio baten zain baitaude”, azpimarratu du Imanol Landa Getxoko alkateak. Udal agintariak aipatu du kultura eta arteen zentro berria aurreikuspenak betetzen ari dela, lanak aurrera doazela proiektuaren azken txanpan egoteraino “eta horrek, gure herriko aberastasun kulturala bultzatzea eta babestea ahalbidetuko du, hain zuzen ere, kulturaren mundua jasaten ari den une hain larri batean”.