Sabeco-Symply supermerkatuetako zuzendaritzak Bizkaiko enpresa batzordeei ordutegi komertzialak zabaltzeko erabakiaren berri helarazi die, hau da, "EAEn araututako 72 orduak gainditu nahi ditu, denden ordutegia goizeko 9etatik gaueko 21.30era luzatuz", LAB, ELA, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek salatu dutenez. "Eta ez hori bakarrik, lan erreforma baliatu nahi dute lantaldea osatzen duten langile gehienen ordutegiak aldatzeko. Erabakiarekin bidea egiten hasi nahi dute, asteko 90 orduko irekiera izan eta igande nahiz jai egunetan ere ireki ahal izateko", gaineratu dutenez. Hori dela, bihar, asteazkena, greba eguna deitu dute aipatu sindikatuek. Elkarretaratze nagusia Bilboko Autonomia kaleko 53. zenbakian dagoen Sabeco-Symply supermerkatu aurrean izango da, goizeko 11:30ean. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Astrabuduako Oilaga eta Itzubaltzeta / Romoko Kresaltxu kaleetan dauzka supermerkatuak Sabeco-Symply kateak. Argazkian, Itzubaltzetako Sabeco-Symply supermerkatua itxita greba orokor egun batean.