Azaroaren 2an ere greba egiteko prest dira Sabeco-Symply supermerkatuetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 24a, 19:05

Sabeco-Symply supermerkatuetan gaurko deitutako greba eguna "arrakastatsutzat" jo dute LAB, ELA, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek. Baina, "enpresa ez negoziatzeko bere jarreran mantentzen bada eta langileon eskubideak urratzen dituzten neurriak inposatzen jarraitzen badu", azaroaren 2an bigarrena egingo dutela ohartarazi dute. "Jokoan dagoena ez delako soilik ordu erdi bat, askoz gehiago da", sindikatuek adierazi dutenez. Sabeco-Symply supermerkatuetako zuzendaritzak Bizkaiko enpresa batzordeei ordutegi komertzialak zabaltzeko erabakiaren berri helarazi die, hau da, "EAEn araututako 72 orduak gainditu nahi ditu, denden ordutegia goizeko 9etatik gaueko 21.30era luzatuz", LAB, ELA, ESK, UGT eta CCOOk salatu dutenez. "Eta ez hori bakarrik, lan erreforma baliatu nahi dute lantaldea osatzen duten langile gehienen ordutegiak aldatzeko. Erabakiarekin bidea egiten hasi nahi dute, asteko 90 orduko irekiera izan eta igande nahiz jai egunetan ere ireki ahal izateko", gaineratu dutenez. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, Astrabuduako Oilaga eta Itzubaltzeta / Romoko Kresaltxu kaleetan dauzka supermerkatuak Sabeco-Symply kateak. Argazkian, pikete informatiboa Itzubaltzetako Sabeco-Symply supermerkatu aurrean, greba orokor egun batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun