Etzi, ostirala, hileko azken ostirala izanik, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herri osoan zehar, Herrira erakundeak deituta. Uribe Kostan eta Erandion ere hamaika dira deialdiak. Itzubaltzeta / Romon, ohi bezala, arratsaldeko 8etan jarri dute hitzordua Areetako Xake plaza eta Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalea batzen diren gunean. Horren ostean, baina, ez ohiko bertso-afaria prestatu dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan dabiltzan Jone Uria eta Arrate Illaro algortarrekin zein Inaxio Vidal leioaztarrarekin. Uria Bizkaiko finalista izateaz gain, Uribe Kostako txapelduna izandakoa da. Illaro eskualdeko egungo txapelduna da eta Vidal Uribe Butroeko finalista izan da aurten, bere estraineko txapelketan. Bertso-afaria 21:30ean abiatuko dute Itzubaltzeta gaztetxean. Txartela aurretik eskura daiteke Algortako Abian elkartean eta Itzubaltzeta / Romoko Branka, Gure Etxea eta "Txiskales"-en tabernetan, zortzi eurotan, epemuga ostegun gauean jarri dutela. Azken unera arte itxarongo duenak hamar euro ordaindu beharko du, ordea. Argazkian, Jone Uria eta Arrate Illaro orain dela bi urte Itzubaltzeta gaztetxean. Orduan, Peru Vidalekin aritu ziren.