Kordobako espetxera aldatu zutenetik, abuztuaren hasieratik, Sergio Polo euskal preso politikoa bakartuta daukatela salatu du Sopelako Herrira bilguneak. Errepresioaren kontrako eragileak adierazi duenez, "orain arte preso arrunt batekin atera izan dute ziegatik eta, asko hitz egiten ez zuen arren, gutxienez zer edo zer galdetu edo erantzun ahal zion. Telefono bidezko deietan batzutan hitz egitea kostatzen zaio. Ez da horrela, noski, baina... ez dauka telebistarik. Baliteke irrati txikiren bat izatea, baina, dirudienez, moduluko nagusiaren oihuak dira entzuten dituen gauza bakarrak". Joan zen astean bisitan joandakoek isolamendu egoerarekin "urduri" antzeman zutela adierazi dute. Hori dela eta, Polori zer edo zer idazteko edo bidaltzeko (Sergio Polo Escobés (mod. Aislamiento) / C.P. CORDOBA / Apdo. 479 / Ctra. Sevilla- Madrid km 391 / 14.015 Alcolea / Córdoba) eskatu dute Sopelako Herrirakoek. Urriko azken ostiraleko elkarretaratzeari dagokionez, "Isolamendurik ez! Presoen aurkako erasorik ez!" lelopean egingo dute. Hitzordua 20:00etan jarri dute udaletxeko plazan. Argazkian, Sergio Polo Sopelako euskal preso politikoa / cc-by-sa Askatu.org.