Desfibriladoreak jarrita, sarbide lasterra eskaini eta bermatu nahi da erakin bakoitzeko edozein tokitatik. Hartara, ekipoak eraikinetako sarreretan instalatu dira, EHUren kontrol-gunearekin eta 112 larrialdietarako telefonoarekin konektatutako beirategietan sartuta. Izan ere, desfibriladoreak dorre batean kokatu dira eta, berori irekiz gero, dei automatikoa egiten zaio kontrol-guneari. Gainera, instalatu orduko, prestakuntza eskaini zaio administrazio-langileei ekipoa erabiltzen jakin dezaten, EHUko arduradunek baieztatu dutenez. Hala ere, unibertsitateak aurreikusi du azarotik aurrera prestakuntza-programa garatuko duela, 500 bat pertsona hartuko dituena. Horretara, lortu nahi da unibertsitateko kide guztiek ezagun ditzatela ekipook eta, behar izanez gero, beroriek erabiltzen jakin.
Erabilera bai eta unibertsitate-eremutik kanpo ere
Nabarmentzekoa da instalazio horien eraginkortasun eta onura unibertsitatearen eremutik harago doazela. Izan ere, desfibriladoreak, unibertsitate barruko premiak gogobetetzeaz gain, unibertsitate-eraikinen inguruetan sor litezkeen larrialdietan ere erabili ahal izango dira. Hori dela eta, EHUren inguruetatik sor litekeen larrialdiren bat gertatuz gero, edozein hiritarrek erabili ahal izango du.
Desfibriladoreen erabilgarritasuna
Bat-bateko heriotza ez traumatiko gehienak kardiopatia iskemikoen erruz gertatu ohi dira, arritmia kardiako hilgarriak eraginda. Hauexek dira hilkortasunerako kausa nagusietarikoak herrialde ekonomikoki aurreratuetan. Bihotz gelditzerik pairatu duten pertsonekiko tratamendurik onena, medikuntza-elkarte zientifikoek dioten legez, “bizirauteko katea” ahalik eta lasterren aplikatzea da, katea zenbait ekintza egitean datzalarik. Besteak beste, larrialdietarako sistema aktibatzea, bihotz-biriketako oinarrizko bizkortzea eragiteko eginbeharrak, desfibrilazio goiztiarra eta zainketa mediku berezituak.
Nabaritasun kliniko eta zientifikoak berretsi egiten dute desfibrilazio goiztiarra dela, bizirauteko katearen baitan, erantzun egokiena problema larri hau sortzen denean. Aurrerapen teknologikoei esker, funtzionamendu automatizatua duten desfibriladoreak garatu ahal izan dira, egokiak oso pertsonal ez espezializatuak erabiltzeko; era honetara, gaixoaren bizirauteko katea hautsi ez eta bermatzeko aukera eskainiz, osasun larrialdietarako ekipoak iritsi bitartean.
Berez, eremu oso jendetsuetan kokatzeko eta prestakuntza medikorik gabeko pertsonek erabiltzeko daude diseinatuta, baldintza hauetan gertatu ohi baitira berehalako desfibrilazioa halabeharrez eskatzen duten egoerak.