Hilabetero azken ostiraletan Telletxe plazan biltzen gara euskal preso eta erbesteratuen eskubideen defentsaren aldarrikapena egiteko eta beraien senideei babes eta besarkadarik sentituetan bidaltzeko. Presoen defentsa herri osoaren ardura dela uste dugulako, Azken Ostirala herritarren eta eragileen esku uzten dugu,. Aurreko hilabetean Euskal Herria Eguneko antolatzaileek hartu zuten elkartasunaren kriseilua Algortako Gazte Mugimenduaren eskutik. Gaurkoan eurei tokatu zaie hurrengo eragileari pasatzea. Irailean Lizarra, Ibarra eta Algortako herriak senideturik, preso, iheslari eta euren senideei elkartasunaren adierazteko aukera izan genuen . Herrien arteko harremanak sendotuz eta indarrak batuz, preso eta iheslariak etxera ekartzeko lanean jarduteko garrantzia azpimarratu genuen. Guzti horregatik, eskerrik asko zuei!
Hamahiruak herrira!
13 presok gaixotasun larriekin espetxean jarraitzen dutela gogora ekarri behar dugu berriro ere. Aste honetan Iosu Uribetxebarriak Donostiako ospitalea utzi eta Arrasatera itzuli dela jakin dugu. Horretaz gain, Aitzol Gogorza preso oreretarraren inguruko berriak ere jaso ditugu: bost egunez Basurtoko ospitalean egon ondoren, medikazioa egokitu eta berriro ere espetxera bidali dute aste honetan, bere betiko ziegan aurkitzen dela.
Aitzolek eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte beste hamabi presoek aske egon beharko lukete, beraien osasun egoerari era eraginkorrean aurre egin ahal izateko, beraien inguru afektiboan txertatua eta bere osasunaren zainketa eta arreta zorrotz baten pean. Horrelako egoerak berriro errepikatu ez daitezen, hamairuak herrira!
Goikoetxea- Basabe sendiaren kontrako erasorik ez!
Gure herriko presoen inguruko berriei dagokienez, aho betean salatu behar dugu Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarraren gurasoek Azkorrin duten baserriaren aurka jasan duten erasoa. Oraingoan etxe alboko horman dagoen muralaren gainean nazien svástica bi pintatu dituzte, aurreko abuztuaren 27an egindako pintaketetan erabilitako kolore berdinaz. Aipatu beharra dago, sendi honek lehen erasoa orain hamaika urte inguru pairatu zutela, ordutik behin eta berriro era guztietako erasoak jasan dituztela. Utzi bakean Goikoetxea- Basabe sendia!
Indarrak batuz, preso eta iheslariak herrira!
Gaurkoan, aurreko hile amaieran bere ateak zabaldu zituen Abian Kultur Elkarteak hartu du elkartasunaren kinkea. Preso, iheslari eta euren senideei elkartasunik irmoena adieraziz, denak etxeratzeko abian gaudelako!
Indabadan ere euskal preso eta iheslari politikoak ere ez dituzte ahaztuta utziko, bertan herriko gatibuei idazteko postalak eta postontziak jarriko dituzte. Beraz, animatu eta idatzi, eurek eskertuko dute.
Hauxe aukera ederra izan daiteke datozen egunotan urteak beteko dituzten presoei idazteko. Igandean, urriak 28, Algortako bizilagun izandako Jone Lozanok urteak egingo ditu, Asier Borrero “Tortu”-k urriaren 31an egingo dituela. Urtzi Paulek azaroaren 1an eta Jagoba Terronesek azaroaren 5ean. Lauron urtebetetzeak azaroaren 9an ospatuko ditugu. Zorionak Jone! Zorionak Tortu! Zorionak Urtzi! Zorionak Jagoba! Eskerrik asko erakusten duzuen adore eta kemen horregatik!
Preso gaixoak etxera!
3/4ak beteta dituzten presoak kalera!
Biziarteko espetxe zigorrari ez!
Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira!
Euskal presoak etxera!
Urriko azken ostiraleko elkarretaratzea Algortan (albuma) / cc-by Algortako Herrira