Frantziako Poliziak ustezko ETAko bi kide atxilotu ditu Lyondik gertu,
Berria.info-k zabaldu duenez. Albiste agentzien iturriak aipatuz, atxilotutakoak Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbe izan daitezkeela zabaldu dute. Era berean, Espainiako Barne Ministerioak kaleratutako ohar batean azaldu duenez, Frantziako Poliziak Guardia Zibilaren laguntza izan du atxiloketak burutzeko. Operazioa, antza, Lesaka eta Iturbe hotel batean zirela egin dute. Izaskun Lesakari ETAko buruzagitzan aritzea leporatzen diote. Frantziak urtarrilean, sasian zela, lau urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen, Loirako departamentuan 2007an aurkitu zuten ETAren pisu batekin lotuta. Iturberi Barajasko atentatuarekin lotura izatea leporatu diote albiste agentziek. 2010eko ekainaren 1ean, ordea, Madrilen Azca inguruetan izan zen atentatuen auzian absolbitu egin zuten epaileek eta Valdemoroko espetxetik irten zen, besterik gabe. Frantziako Poliziak aste honetan Saul Curto atxilotu du. Epailearen aurretik pasa ostean, Parisen espetxeratu dute.