Sopelan jokatuko da gaur Bizkaiko Bertsolari Txapelketa estraineko aldiz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 28a, 15:19

Gaur, igandea, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketa ospatuko da Sopelan. Saioa udal pilotalekuan izango da, 17:30etik aurrera eta bertan Ekaitz Larrazabal "Katxo" algortarra, Nerea Ibarzabal, Igor Elortza, Gorka Lazkano, Joseba Artza eta Garikoitz Sarriugarte arituko dira. Ipar Uribe edota Uribe Kostako txapelketan Ander Deuna ikastola ohiko plaza izan den arren, urte birik behin antolatzen den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa orain arte ez da inoiz Sopelan izan. Beraz, gaurkoa da lehen aldia bertsolaritzaren historian tamaina horretako txapelketa ofizial bat Sopelan ospatzen dena. Izan ere, azken urteotan izan duen bertso-plaza joaten utzi egin du Getxoko Udalak. Kanporaketak zein finalaurreko saioak jokatu dira Algortan eta Itzubaltzetan, azkena orain bi urte Gobela kiroldegian izandako kanporaketa. Han izandako azpiegitura arazoak tarteko, Imanol Landa alkateak ganorazko bertso-plaza agindu zien Algortako Bertso Eskolako kideei edizio honetarako. Azkenean, baina, ez da horrela izan, antza arazo ekonomikoak tarteko. Getxoko III. Euskara Planaren zirriborroa, ordea, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hartzea dakar euskara elikatzeko neurrien artean. Argazkian, Fredi Paya nagusitu zen atzo Mungiako kanporaketan.

Kanporaketen ekuadorrea igarota, finalaurrekoetara jauzia emango duten bertsolariak erabakitzeko garrantzi handia izango du gaurko saioak. Mungian atzoko saia irabazita, Fredi Paya dagoeneko sailkatuta dago, Jone Uria bezala. Bera, aurreko edizioaren finalista izateagatik lortu du zuzeneko txartela. Zalantzako postuetan, Arrate Illaro eta Imanol Uria daude. Litekeena da Arratek aurrera egitea baina estuago ibiliko da Imanol, besteen puntuazioen arabera. Bestalde, Itxaso Payak azken postuari eutsiko dion ikusteke dago.

Beste kanporaketetan bezala, Sopelako sarrera 8 eurotan izango da (gazteen kasuan 3 euro, eta bazkideentzat 5 euro). Sarrera www.bertsosarrerakeu.com webgunean eros daiteke, baita frontoiko atean ere.

Datozen saioak

• Azken kanporaketa: azaroaren 4an, igandea, Zornotzako Zelaieta zentroan, 17:30ean: Josu Gotzon Landeta, Aitor Arrutia, Asier Legarreta, Julen Erezuma, Oihana Bartra, Unai Ormaetxea.

Finalaurrekoak

• Azaroaren 18an, igandea, Basauriko kiroldegian, 17:30ean: Arkaitz Estiballes, Eneko Abasolo, Onintza Enbeita, Zornotzako irabazlea, puntuetan 2. eta 5.

• Azaroaren 25ean, igandea, Durangoko Landako Gunean, 17:30ean: Etxahun Lekue, Fredi Paya, Jone Uria, Sopelako irabazlea, puntuetan 1. eta 3.

• Abenduaren 2an, igandea, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, 17:30ean: Beñat Ugartetxea, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Peio Ormazabal eta puntuetan 4.

Finala

• Abenduaren 15ean, larunbata, Bilboko Miribilla kiroldegian, 17:30ean

Orain arteko sailkapena

Finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuak

• Arkaitz Estiballes
• Peio Ormazabal
• Beñat Ugartetxea
• Miren Amuriza
• Jone Uria
• Etxahun Lekue
• Onintza Enbeita
• Eneko Abasolo

Sailkatutakoak

• Iratxe Ibarra 450
• Fredi Paia 443,5
• Ibon Ajuria 431,5

Behin-behinean sailkatutakoak

• Gorka Ostalaza 413
• Arrate Illaro 402
• Iñaki Iturriotz 393,5
• Ander Elortegi 377
• Imanol Uria 371,5

Behin-betiko ez sailkatuak

• Malen Amenabar 370,5
• Xabier Enbeita 357,5
• Eñaut Uruburu 354
• Txaber Ormazabal 352
• Xabat Galletebeitia 349.5
• Jone Larrinaga 346
• Peru Vidal 345
• Inazio Vidal 340

• Ander Salaberria 329
• Itxaso Paya 319
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun