EAJk eta Bilduk adostutakoaren arabera, ibilgailuen gaineko zergak ez du igoerarik izango industrigintzan erabiltzen duten ibilgailuentzat (kamioiak, autobusak eta traktoreak). Auto arruntentzat igoera KPIren parekoa izango da (75 zentimo eta 4 euro artekoa urtean) eta salbuespena luxuzko motozikleta eta autoena izango da. 500 zentimetro kubotik gorako motozikleta eta 16 zaldi fiskaletik gorako autoentzat igoera 28 eta 128 euro artekoa izango da, aurreko urteetako igoera eza berreskuratuz. EJZri dagokionez, tarifak KPIren pare igoko dira. Azpimarratzekoa da zerga horrek ez duela eraginik salerosleen eta enpresari txikiengan, urtean 2 milioitik beherako salmentak izanez gero ez baitute ordaindu behar.
Azkenik, benetako presio fiskalari dagokionez, Ana Helguera Ogasun zinegotziak azaldu du 2,1 puntutan jaitsiko dela, batez besteko igoera %1koa izango baita eta KPIren igoera %3,1koa izan baita. OHZ ordaintzeko pertsona behartsuenei zuzenduko zaizkien diru-laguntzak kenduta, 2013rako aurreikusitako zerga igoerarekin 230.000 euro bilduko dira.
Akordioaren gaineko balorazioak
Imanol Landa alkateak positiboki baloratu du Bildurekin lortutako akordioa. Udal agintariak, bere borondatea eta itxaropena agertu ditu akordio hori ondorengo hitzarmenen aurrekari izan dadin, “gaur egun, bizi dugun egoera larria dela eta, oso beharrezkoak baitira”. Landak adierazi du, halaber, Udalak azken urteotan, "tasa eta zergak bere horretan" utzi dituela, eta kasu batzuetan, "zaramaren gaineko tasa kasuak kasu, jaitsi" egin dituela, “eta hori guztiz eutsiezina da egungo egoeran, are gehiago, kontuan hartuta urtez urte diru-bilketa behera doala eta Udalkutxatik datozen diru-sarrerak eta udalaz gaindiko beste erakunde batzuetatik datozen diru-laguntzak gutxitu egin direla”.
Akordioak, Landaren hitzetan, eragin oso txikia izango du presio fiskalean Getxo udalerriko herritar gehienentzat; “eta gainera, udal kudeaketa ulertzeko dugun eran eta tasa eta zergei buruz dugun ikuspuntua aintzat hartuta funtsezkoak diren bi printzipio edo baloreetan, hau da, progresibotasunean eta justizia sozialean, oinarrituta egin dugu”. Udal agintariak, azkenik, aurrekontuaren inguruko akordioaren beharra nabarmendu du, eta horretarako bere eta bere Gobernu Taldearen borondatea aitortu du gainontzeko alderdiekin elkarrekin lanean hasteko, Getxon 2013an aurrekontu adostua edukitzeko.
Zentzuzko kudeaketa
Maitane Nerekan Getxoko Bilduren bozeramaileak ere era positiboan baloratu du akordioa, bi arrazoi nagusigatik: “Alde batetik, IBIren kasuan, herritarren poltsikoen zuzenean eragiten duen zerga nagusia dena, Udaletik ez da igoerarik onartuko 2013rako eta gainera krisiaren eraginez egoera larrienak bizi duten getxoztarrak lagundu ahal izateko ordenantza berria onartuko da. Bestetik, gainontzeko zergetan ez da KPIrena baino altuagoa den igoerarik aplikatuko. Horri garrantzitsua deritzogu, udal finantzazioa mantendu ahal den bitartean herritarren poltsikoetan eragin nabarmena izan ez dezan”.
Hala ere, Bilduk "ezinbestekotzat" jotzen du "zentzuz kudeatzea" zerga hauen bidez lortuko diren diru sarrerak, "guztien oinarrizko beharrak asetzea eta krisiak kaltetzen dituen sektoreak laguntzea premisa nagusitzat hartuz". "Bide batez, dei egiten diegu IBIren ordainketan laguntza behar duten getxoztar guztiak onartuko den ordenantza berriarekin edozein zalantza izanez gero, udal administrazio zerbitzuekin harremanetan jar daitezen", aipatu du Nerekanek.
Bildutik gogor gaitzetsi dute akordio honen inguruan “informazio okerra zabaltzen tematu den Alderdi Popularraren jarrera" eta "getxoztarrekiko begirune gehiago izatea" exijitu diote. "Ze faltsua da, besteak beste, IBI igoko dela, faltsua den bezala gutxien dutenak zukutu egingo direla. Aitzitik, subentzionatuak izango dira. Herritarrei zuzenean eragingo dien edozein erabakiren inguruko informazioa faltsua kaleratzea oso larritzat daukagu, aipatutako neurriak gustuko izan ala ez”, esan du Nerekanek.