Azken lau urtetan bezala, Adela Andikoetxea Urdulizko baserritarrak barazkien saria irabazi egin du gaur, urriko azken astelehenean ospatu den Gernikako azokan. Aurten 286 saltoki izan dira bertan. 2011n 277 izan ziren. Udaltzaingoaren arabera, 100.000 lagun inguru batu da azokan. Urtero legez, hainbat lehiaketa egin dira: esan bezala, barazkiena Adela Andikoetxea urduliztarrak irabazi du, frutena Gatikako Jose Etxeberriak, txilar eztian Zornotzako Balentin Llonak, mila lore eztiarena Kortezubiko Javier Larrinagak, loreena Gernikako Mari Carmen Arzibarrek, Jose Antonio Torrel (Larrabetzu) txakolin zurian eta gorrian, eta Zabala Txakolina (Bakio) txakolin beltzean. Zeanuriko Jon Etxebarriarena izan da gazta irabazlea. Ordiziakoan ere berak irabazi zuen eta orduan Catalana Occidente aseguru etxeak 7. 400 euro ordaindu zituen gazta erdiagatik; oraingoan, Muruetako Kamiñoko jatetxeak 5.700 euroren truke erosi du. Argazkian, barazkien postu bat Algortako San Lorentzo azokan, Andikoetxearentzat lehenengo azoka izan dena / © Getxoko Udala.