Biharko udal batzarrean preso gaixo larrien eskubideen aldeko mozioa aurkeztuko du
Getxoko Bilduk. Horri jarraiki, arratsaldean bertan, 16:30ean, elkarretaratzea deitu du udaletxe aurrean
Algortako Herrira bilguneak, 17:00etan hasten baita osoko bilkura. Lehenik eta behin, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, "bere kezka adieraztea" eskatuko dio Getxoko Bilduk Udalari. Era berean, "indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz", Madrilgo Gobernuari "urrats errealak emateko deia" egitea galdegingo dio. Bigarren, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzera premiatuko du koalizioak tokiko erakundea, "beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan". Azkenik, erabaki horren berri, Madrilgo Barne Ministerioa eta Kartzela Zaintzako epaileari bideratzea eskatuko dio Bilduk Udalari. Argazkian, preso gaixoen aldeko aldarria Algortako Telletxe plazan / cc-by Algortako Herrira.