Sevilla II espetxean, berriz, dinamika bat jarri dute martxan: astero zuzendaritzari gutuna bidaltzea eta bigarren ostiraletan itxialdia egitea, hainbat eskaera egiteko. Etxeratek jakinarazi duenez, eskaerak honakoak dira: sendagilea artatzea bermatzea; astero sendagilearengana joan ahal izateko eskubidea; ospitalera irteerak eta espezialistak izateko eskubidea bermatzea; kirol aktibitateetan eta soziokulturaletan parte hartzeko eskubidea; eta preso politiko guztiak modulu eta patio berdinean biltzea. "Sendagileekin dagoen arazoa aspalditik dator. Espetxeak ez du asteroko mediku artatzea bermatzen eta ondorioz itxaron zerrendak luzatzen dira. Espetxetik gaia konpondua dagoela esan arren, ez da horrela, eta gaia konkretuki lantzeko planteamendua lantzen ari dira", presoen senideen elkarteak azaldu duenez. Gainera, "funtzionario batzuekin arazoak errepikatzen ari dira. Miaketak eta probokazioak maiz errepikatzen dira. Irailaren 1ean, esate baterako, miaketa gogorra jasan behar izan zuten Manuel Gonzalezek eta Arkaitz Bellonek". Miaketa hori dela eta, salaketa bat aurkeztu dute epaitegietan eta itxialdi bat ere egin zuten. Sevilla II espetxean, Moron de la Fronteran daukate Urtzi Paul Larrea algortarra.
Espetxe aldaketa
Beste alde batetik, Gorka Garcia Sertutxa "Patas" euskal preso politikoa urriaren hasieran eraman zuten berriro Algeciraseko kartzelara, bere herritik 1.058 kilometrotara, Algortako Herrira bilguneak jakinarazi zuenez. Algortarra Madrilgo Valdemoro espetxera mugitu zuten uztailaren bukaeran, irailaren 17 eta 18an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketa bat egiteko. 2007ko ustezko ihesaldi plan batean nahasita egotea leporatzen diote, Ana Paz haren bikotekide ohi eta Iñaki Goioaga abokatuarekin batera. Fiskalak sei urteko espetxe zigorra eskatu du Garcia Sertutxarentzat.
Irailaren 17an hasitako epaiketan, torturapean egindako adierazpenak eta beste pertsona bati ustez atzemandako agiri batzuk besterik ez zituzten erakutsi Espainiako Auzitegi Nazionalean Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso algortarraren, Ana Paz haren bikotekide izandakoaren eta Iñaki Goioaga abokatuaren kontra egiteko, "Berria" egunkariak gaur zabaldu zuenez. Fiskaltzak dio Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat prestatu zutela hiruren artean, eta espetxeratu egin nahi ditu: 16 urterako Goioaga, zortzirako Paz eta seirako Patas. Baina aipatu saioan ez zuen frogarik erakutsi ihesa hiruren artean prestatu zutela esateko. Lekuko gisa deklaratu zuten bi guardia zibilek agerian utzi zuten, gainera, akusazioaren ahuldadea. Goioagaren eta Pazen kontra zergatik egin zuten galdetuta, "norbaitengan jarri behar genuen arreta", erantzun zuen haietako batek.
Goikoetxea-Basabe sendiari erasoa
Azkenik, hilabete honetan ere Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarraren gurasoek Azkorrin duten baserriaren aurka jardun dute hainbat ezezagunek, Algortako Herrira bilguneak zabaldu zuenez. Oraingo honetan, etxe alboko horman dagoen euskal preso eta iheslari politikoen aldeko muralaren gainean nazien svastika bi pintatu dituzte. Horiek margotzeko, abuztuaren 27an egindako pintaketetan erabilitako kolore bera baliatu dute erasotzaileek. Gauzak horrela, tipo berberak direla ziur daude Arkaitzen gurasoek. Amak esandakoaren arabera, urriaren 17ko goizaldean egin zituzten. Hala ere, esan bezala, ez da azkenekoa izan Goikoetxea-Basabe familiaren baserriak jasan duen eraso bakarra. Abuztuko hartan "Aqui nazis" (Hemen naziak) zioen pintaketa bat egin zuten lursaileko kanpoko horman, sendi abertzalearen etxeko aterantz apuntatzen duen gezi batez lagunduta.
Lehen erasoa orain hamaika urte inguru pairatu zuten, negutegien oihalak kuter batez apurtu zizkietenean. Baina, 2009ko uztailaren 17an jazo zuten erasorik bortitzena. Ustez Falange y Tradicion talde ultraeskuindarrak baserria erretzen saiatu, Zigor semearen aurka heriotza mehatxuak margotu eta hainbat pintaketa burutu zituen. Auzokideei esker ez zuten etxea galdu, ingurukoek ur baldeez probokatutako sutea amatatzea lortu baitzuten. Eraso horiez gain, beste batzuk txikiagoak eta hainbat ertzain eta polizia nazionalek botatako irainak eta egindako jazarpenak ere gogoan ditu Goikoetxea Basabe sendiak. Orain bi edo hiru hilabete, negutegiko zabor multzo bati su eman zion baten batek eta dena ertzainez bete zen. "Nondik eta Berangotik eztandaren bat entzun" zutela eta hots egin zietela zioten poliziek. Gauzak horrela, ertzainek sua amatatzeko eskatutako suhiltzaileen kamioiaren faktura ordaintzea berari egokitu zitzaion.
Etxerat elkarteak plazaratutako urriko hilabetekaria (pdf)