Jorge Fernández Díaz Barne ministrariaren ustez, bestalde, “marra gorriak” zeharkatu dira, “kontagailua martxan jarri da” eta fiskaltzak zein estatuko abokatutzak “nota hartu behar dute eta balizko neurriak ezarri hala balegokio” aipatu esaldiak esate hutsagatik.
Nik uste dut Barne ministrariak eskatuko beharko liokeela estatuko fiskal nagusiari ikertzeko eta aztertzeko eta, “hala balegokio”, neurri zehatzak hartzeko, Barne ministrariak duen jarduera, zeren Barne ministrariak ez baitu legea betetzen, berak aitortuta.
Ministrariak berak esan zuen prebarikazioan jausiko zela Josu Uribetxebarria askatuko ez bazuten (ABC egunkarian jasoa, 2012ko abuztuaren 23an: Fernández Díaz: “Habríamos incurrido en prevaricación de no aplicar el tercer grado a Bolinaga”, http://www.abc.es/20120823/espana/abci-interior-tercer-grado-bolinaga-201208231815.html ). Beraz, gogoz aurka izan bazen ere, baldintzapeko askatasuna eman behar izan zioten.
Legeak preso gaixoaren eskubideak onartzen ditu. Ikusi, bestela, Espaniako Konstituzioaren 15. artikulua, Zigor Kodearen 92. artikulua eta Espetxe Araudiaren 104.4 artikulua. Fiskaltzak eta ministrariak jakin badakite beste hamahiru preso daudela Uribetxebarrriaren egoera berean. Hamahiru pertsona hauek ez dute baldintzapeko askatasunik. Ministrariak prebarikatzen du. Prebarikazioa delitua da (iritziak ematea ez bezala). Argi esaten da Zigor Kodearen 446 artikuluan.
Eta galdera da, fiskalak zer ikertu behar du, adierazpenak ala prebarikazioa? Zer da delitu handiagoa, adierazpenak egitea ala prebarikatzea?
Eta azken galdera, galdera hauek egitea ere delitua da?
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak bere blogean idatzitako iritzi artikulua.