Ordenantza fiskalen aldaketei dagokionez, OHZ, Gainbalioa eta EILZ zergek ez dute garestitzerik izango, eta horrez gainera, 250.000 euroko diru-saila jasotzen da sektore behartsuenak 2013an OHZ ordaintzen laguntzeko. Ibilgailuen gaineko zergak ez du igoerarik izango kamioi, autobus eta traktoreentzat; auto arruntentzat igoera KPIren parekoa izango da (%3,1, hau da, 75 zentimo eta 4 euro artekoa urtean) eta 28 eta 128 euro arteko igoera izango da luxuzko motozikleta eta autoentzat (500cc-tik gorako motozikletak eta 16 zaldi fiskaletik gorako autoak). EJZri dagokionez, tarifen igoera KPIren parekoa izango da eta ez du eraginik izango salerosleen eta enpresari txikiengan, urtean 2 milioitik beherako salmentak izanez gero ez baitute zerga ordaindu behar.
Eztabaida
Ana Helguera Ogasun zinegotziak adierazi zuen Udalak "azken urteotan tasa eta zergak bere horretan" mantendu dituela, eta are gehiago, "zaramaren gaineko tasaren kasuan, jaitsi" egin dituela, “eta hori guztiz eutsiezina da egungo egoeran, kontuan hartuta urtez urte diru-bilketa behera doala eta Udalkutxatik eta Udalaz gaindiko beste erakunde batzuetatik datozen datozen diru-sarrerak gutxitu egin direla”. Gobernu-taldearentzat, akordioak "eragin oso txikia" izango du presio fiskalean herritar gehienentzat “eta gainera, finantziazioa eta gizarte politiken iraunkortasuna bermatzeko gauzatu da, progresibotasunaren eta justizia sozialaren irizpideei jarraituz”.
PPk 27 zuzenketa aurkeztu zizkion EAJren eta Bilduren proposamenari, uste baitu “auzotarren poltsikoei kalte handia egiten diela”. Talde horrentzat “ez litzateke zergarik igo behar Udalaren gastu arrunta murriztu eta iruzur fiskalaren aurkako kontrola eta borroka handituko balitz”. PPk “astakeriatzat” jo zuen “%54,65ko igoera 16 zalditik gorako autoentzat eta %45,5koa 500cc-tik gorako motozikletentzat”. EJZ bere horretan mantentzea, kooperatibentzat hobaria ezartzea, lanpostuak sortzeko hobariak handitzea eta enpresak berriro zabaltzen dutenentzat diru-laguntzak eskatu zituen ere alderdi horrek.
Bilduk positibotzat jo zuen akordioa, bi arrazoi nagusiengatik: “OHZk ez du igoerarik jasango 2013an eta diru-poltsa zabalduko da krisia gehien pairatzen duten getxoztarrentzat, eta gainontzeko zergek ez dutelako KPIrena baino igoera handiagorik izango". "Erabaki hori garrantzitsua iruditzen zaigu herritarren poltsikoetan eragin handirik eduki ez dezan, udal finantziazioari eutsi ahal bazaio behintzat”, gaineratu zutenez. Bildukoek adierazi zutenez, “zergen gaineko politika progresiboa bidezkoagoa da”.
PSE-EErentzat “EAJren eta Bilduren akordioa larrutik ordainduko dute auzotarrek, Gobernu-taldeak PSErekin itunduz gero igoera %2,5 eta 2,7 artekoa izango zen eta ez %3,1ekoa”.
Mozioak
Udal iturrien arabera, "testigantza gisakoak izanik" mozio guztiak, bost onartu ziren: PSErena bata, aho batez, Iparbide kalean, Arene Azpi eta Arene arteko zatian, oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko lanak egiteko; bigarren bat, sozialistena hori ere, Algortako Urgull kaleko Nagusien Etxea berehala irekitzea errazteko; beste bat Bildurena, EAJren transakzio-mozioa onartuz, besteak beste, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso gaixo guztiak askatzea eskatzeko; eta beste bi mozio, PPrenak, Getxo Antzokiko 4 A fasearen esleipena baliogabetzeko eta Etxe Sorginduari erabilera publikoa emateko berandu baino lehen.