Algortako Herrira bilguneak aurreratu duenez, Gorka Garcia Sertutxa "Patas" preso politiko algortarra, Ana Paz haren bikotekide izandakoa eta Iñaki Goioaga abokatua absolbitu egin dituzte. Fiskaltzak zioen Huelvako espetxetik ihes egiteko saio bat prestatu zutela hiruren artean, eta ondoko kartzela zigorrak jarri nahi zizkien: 16 urte Goioagari, zortzi Pazi eta sei Garcia Sertutxari. Baina irailaren erdialdean egindako epaiketan ez zuen frogarik erakutsi ihesa hiruren artean prestatu zutela esateko. Lekuko gisa deklaratu zuten bi guardia zibilek agerian utzi zuten, gainera, akusazioaren ahuldadea. Goioagaren eta Pazen kontra zergatik egin zuten galdetuta, "norbaitengan jarri behar genuen arreta", erantzun zuen haietako batek.
Gorka Garcia Sertutxa hilabete hasieran eraman zuten berriro Algeciraseko kartzelara, Algortatik 1.058 kilometrotara. Argazkian, 2009ko ekaineko operazioan, Paz eta Goioaga atzeman zituztenean, Inge Urrutia emakume gaztea atxilotu zuten Algortan eta libre utzi zuten handik egun batzuetara, kargurik gabe.