Udagoieneko Ostera egitasmoak euskarazko formatu handiko kultur produkzioa hurbiltzen du Bizkaiko antzokietara, aisialdian euskaraz gozatzeko aukera eskainiz. Horretarako, dantza, musika eta antzerkia oinarri dituzten ikuskizunak antolatu ditugu, publiko mota guztien beharretara egokituta.
Hona hemen gainontzeko ikuskizunak:
Azaroak 16, ostirala. Zallako Zine Antzokian, 20:00etan. Sarrera 12 euro.
Benito Lertxundi. Orioko bardoak udaberrian kaleratu zuen bere azken diskoa, "Oroimenaren oraina". Askatasuna, maitasuna, damua, heriotza... kantu bihurtutako galderak biltzen ditu Ez Dok Hamairuren sortzaileak bilduma honetan. Bere hitzetan, lan xumea da oraingoa, baina "gauza xume guztiak dira sakonak". Kantu horiek, eta betikoak, bere "Bizkaia maitean" izango ditugu azaroaren 16an.
Azaroak 22, osteguna. Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean. Sarrera 8 euro aldez aurretik, 10 euro egunean bertan.
Betagarri. Gasteizko musika taldeak 20 urte daramatza Euskal Herriko plazetan. Oraingoan disko berriarekin helduko da Bilboko Kafe Antzokira, "Zorion argiak" izenburupean, kaleratu baino bi egun lehenago. 23 abesti, rock, ska eta reggae doinuekin. Diskoan zenbait gonbidaturen laguntza izan dute, Pirritx eta Porrotx, Mikel Urdagarin edo Garirena, esaterako. Sarrerak hemen.
Azaroak 23, ostirala. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan. Sarrera 6 euro.
Lingua Nabajorum. "Euskararen Historia bi Txoriburuk Kontatua" (Mikel Martinez, Patxo Telleria). Teoria liluragarri bat defenditzen dute: Herri honetan gertatu den gatazka bakoitzari hizkuntzaren aldaketa bat dagokio. Hasieran, gure Herria paradisu bat zen, non bikote bakar bat bizi zen. Mundu estatiko eta baketsua zen, eta nahikoa ziren onomatopeiak, inguruko animaliak eta agerraldi naturalak deskribatzeko. Seme-alaben etorrerarekin sortu zen Euskal Gatazka, orain arte iraun duen fenomenoa.
Azaroak 30, ostirala. Muskizeko Meatzari aretoan, 20:00etan. Sarrera 6 euro.
"Hil arte bizi!". Antzezlan hau adiskidetasunaren mugen inguruan egiten den hausnarketa bat da. Nacho, Angel eta Maria. Bi gizon eta emakume bat eta jakina… gutxienez pare bat maitasun istorio. Hiru lagun, betiko lagunak, betirako lagunak… edo ez. "Hil arte bizi" heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunaz jardungo den tragedia da. Bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia.
Topagunea
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 97 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea. Dagoeneko dozena erdi dira Topagunean parte hartzen duten Uribe Kosta eta Erandioko euskaldunen elkarteak: Berbalamiñe, Berbots, Bizarra Lepoan, Boluntzarreta, Egizu eta UKBERRI.NET argitaratzen duen Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartea.