Saiakerak eta argazkiak biltzen dituen "Lemóniz" argitalpen proiektua aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urr. 31a, 19:44

Zentral nuklearraren bukaera lanen 30.urteurrenarekin bat eginik, "Lemóniz" argitalpen proiektua aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak eratutako 2012 Euskadi Fundazioak. Egitasmoa, Raul Lopez Romo Historian doktoreak idatzitako "Euskadi dolutan. Lemoizko zentral nuklearra. Euskal trantsizioaren ikurra" saiakerak eta Mikel Alonso argazkilariaren "Lemóniz" argazki-liburuak osatzen dute. Horrenbestez, bi osagai dituen argitalpen proiektua da: zientzia eta artea batetik, eta arrazoia eta emozioa, bestetik. Mikel Torale Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak aurkeztu zuen egitasmoa, eta berarekin batera izan ziren Rafael Ruzafa, Valentin de Foronda Institutuko idazkaria; Raul Lopez Romo, Historian doktorea eta "Euskadi dolutan. Lemoizko zentral nuklearra. Euskal trantsizioaren ikurra" saiakeraren egilea; eta Mikel Alonso argazkilaria, "Lemóniz" argazki liburuaren egilea. Argazkian, atzoko aurkezpena / © EHU.

"Egunotan 30 urte bete dira Euskal Autonomia Erkidegoan trantsiziotik demokraziarantz egindako bidean bereizgarri bihurtu zen fenomeno bat bukatu zela: Lemoizko zentral nuklearraren aurkako jarrera orokorra", adierazi zuten atzoko prentsaurrekoan. Bada, 2012 Euskadi Fundazioak, EHUko Valentin de Foronda Gizarte Historiako Institutuarekin elkarlanean, urtemuga gogoratu nahi izan du Mikel Alonsoren argazkilaritza lanaren bidez eta Raul Lopezek saiakera lanean erabilitako metodologia historikoari esker. Mikel Toralek adierazi zuenez, "demokrazia jaioberriak tartean askatasun gutxi eskaintzen zituen arren, herritarrek aurkako borroka garrantzitsua egin zuten, Lemoizen kontrako mugimenduari urteetan eutsiz". Bere esanetan, mugimendua "erabat errotuta" zegoen garaiko gizartean eta "energia nuklearraren hasierako beldurretik gure garaiko kontzientzia ekologistaren jatorri izatera heldu arteko bilakaera izan zuen".

"Herritarren energia une gorenean zegoenean, bat-batean ETA agertu zen, eta bere jarduera mesianiko eta usurpatzailearekin, zentraleko bost langile hil zituen eta Lemoizen aurkako mugimenduan eta bere jarraipen ekologistan inoiz itxiko ez zen haustura eragin zuen", jarraitu zuen. Horrekin guztiarekin, 1982. urtea iritsi zen; orduan, Espainiako hauteskundeetan PSOE izan zen garaile, eta ez zien obrei berriz ekin; hala, behin betiko bertan behera geratu ziren luzapen nuklearrari buruzko 1984ko dekretuaren ostean. "Protagonismo biziko zortzi urte izan ziren, bai politikaren eremuan, bai komunikabideetan; garai haren ondoren, aldiz, isiltasuna gailendu da hogeita hamar urtez", gaineratu zuen Toralek.

Zorroztasuna eta zintzotasuna

Bestalde, Rafael Ruzafa EHUko Valentin de Foronda Institutuko idazkariaren hitzetan, iraganeko egoeretara gerturatzeko, bereziki egoera polemikoak izan badira, "zorroztasuna, metodoa eta zintzotasuna beharrezkoak dira", izan ere, bere ustez, "interesen arabera erabiltzea oso tentagarria da, batzuetan baita zakarra ere". Valentin de Foronda erakundea ikerketa historikoaren alorrean jarduten da bereziki, eta dagokion irismenaren barruan, betiere, gaur aurkeztu diren obren tankerako lanak bultzatzen ditu. "Gaur egungo euskal gizarteak atzoko prozesuak ulertu behar ditu, Lemoizko zentralaren borrokan nork hartu zuen parte, zein baliabide erabili ziren eta zein izan ziren xedeak", azaldu zuen.

Halaber, Raul Lopez Romorentzat, Lemoiz ingurumen arloko gatazka edo gatazka ekologiko bat baino "askoz gehiago" izan zen, eta gai horiek berez garrantzitsuak diren arren, "bigarren mailan gelditu ziren". Oro har, bere esanetan, "Euskadi ulertzeko modu desberdinen arteko duelu politiko bat izan zen, baita gai publikoetan parte hartzeko modu desberdinen arteko borroka ere, indarraren edo hitzaren bidez parte hartzeko moduen artekoa, hain zuzen ere". "Dueluak huts egin zuen zenbait arlotan, eta beste askotan, ostera, asmatu egin zuen, baina orotara, aurrerapenekin zein atzerapenekin, euskal demokratizazio zailaren metafora gisa erabil daiteke", gaineratu zuen.

Azkenik, Mikel Alonsok azaldu zuenez, "naturak, kresalak, haizeak, urteak daramatzate lanean, eta gizakiak, hormigoizko milaka tonekin egindako agertoki horretan gizakiek utzi eta oraindik ezkutuan dauden arrasto horiek estaltzen saiatzen". Alonsoren arabera, "nekez" aurkituko da "obra epiko bat antzezteko hain eszenografia bortitza". "Kamera eta tripodea hartuta egin nituen ibilaldietan, tragedia greziar bat bizi izan zuen antzoki bati argazkiak ateratzen ari nintzela sentitu nuen, milaka aktorek parte hartu genuen tragedia bat", adierazi zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun