Frantziako Poliziak Aurore Martin 33 urteko Batasuneko militantea atxilotu du Maulen, Espainiako Auzitegi Nazionalak bere aurka jaulki eta 2010ean Pauek onartu zuen euroagindua betearazteko,
"Le Journal du Pays Basque" egunkariak zabaldu duenez.
Berria.info-k aipatutako Polizia iturrien arabera, arratseko laurak aldera atzeman dute Martin, errepide kontrol batean. Paueko polizia-etxera eraman dute. Maulen Gendarmeriaren aitzinean elkarretaratzera deitu dute bihar eguerdirako. Bitartean, Frantziako poliziek atxilotua Guardia Zibilaren esku utzi dute, Europa Press albiste-agentziak jakinarazitakoaren arabera. Ez da lehenengo aldia Ipar Euskal Herrian legala den Batasuneko kidea izateagatik Martin atxilotzen saiatzen direna. 2010eko abenduan, bere burua ezkutatu zuen sei hilabetez, beren etxean gorde edota babesa eman zioten 80 bat hautetsiri esker. Iazko ekainean Poliziak harrapatu egin zuen baina herritarrek ez zieten eramaten utzi. Hego Euskal Herrian ekitaldi politikoetan parte hartzeagatik hamabi urteko kartzela zigorra eskatzen dute berarentzat. Pasa den urriaren 10ean, bake prozesuari bultzada emateko Bake Bidea mugimendua aurkeztu zuten Baionan, Martin bertan zela. Bitartean, Manuel Valls, Barne ministroak Ipar Euskal Herrirako Herri Elkargoaren aurka mintzatu eta beste hiru pertsona atxilotu ditu Frantziako Poliziak. Argazkian, Aurore Marin / cc-by-sa
Ezkerabertzalea.info.