Getxoko Udala 2001ean sartu zen Euskal Fondoan eta bere egungo presidentea Imanol Landa alkate getxoztarra da. Egun hauetan, udal agintaria Nikaraguan izango da aste batez. Orain arte Udalak sustatutako jarduera gehienak aipatu herrialdeko Tipitapa udalerrian izan dira. Aurtengo diru-laguntzarekin, Getxok guztira 449.000 euro bideratu ditu aipatutako herriarentzat, besteak beste, liderrak hezteko, udal planifikazioa sustatzeko eta auzo batzuetan euri-urak eta azpiegiturak bideratzeko. Nikaraguako eta Kubako beste toki batzuetarako ere onartu ditu diru-laguntzak Getxok, denen artean, orotara 549.416 euro.
Euskal Fondoa
Euskal Fondoa 1996an sortu zen Euskal Herritik lankidetza deszentralizaturako koordinazio eta laguntza tresna bezala. Gaur egun euskal tokiko 102 erakundek osatzen dute, tartean Hegoaldeko lau herrialdetako udalek, administrazio juntek, EAEko hiru hiriburuak eta Arabako eta Gipuzkoako Diputazioek. Euskal Fondoa Elkartearen helburu nagusiak nazioarteko garapen lankidetza sustatu, lagundu eta koordinatzea dira, eta bereziki, euskal tokiko erakunde eta instituzioek bultzatakoak; baita herritarren parte hartzea eta gizartean gai hauei buruzko gogoeta eragitea ere.