Gasteiz eta Donostia
Bestalde, Gasteizen ere izango da Zientzia Astea, "Lucio Lascaray" Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Gunean, alegia. Bertan, azaroaren 8tik 10era bitartean, ostegunetik larunbatera. Instalazio hauek 11 stand hartuko dituzte, kartografia, arkeologia historikoa, ordenagailuz lagundutako diseinua, zelula amak, nutrizioa, analisi kimikoa, geografia, hizkuntzalaritza eta beste arlo batzuei buruzkoak. Bertan burutuko diren tailerretan, besteak beste, gazten daztaketa bat egin ahal izango da, helikoptero telegidatu bat erabili airetiko argazkiak ateratzeko, edota gidatze-simulagaili interaktibo bat maneiatu. Eta guzti hori osatzeko, ez dira faltako txangoak, Gesaltza Añanara eta arabar Errioxara bezalakoak, beste toki batzuen artean.
Donostian Zientzia Astea Artzai Onaren Plazan jarriko den karpa handian burutuko da, azaroaren 8tik 10era bitartean, ostegunetik larunbatera. Han hamar bat stand kokatuko dira eta tailer bitxietan ere parte hartzeko aukera izango dute bisitariek, esate baterako, robot bertsolariari hitzak edo gaiak proposatu ahal izango dizkiote edo Zaintza Intentsiboetako Unitate mugikor bat bisitatzeko aukera izango dute. Antolatutako txangoetan Aquariumeko instalazio teknikoak bisitatzeko edota geologian adituekin Zumaiako Flysch-a hobeto ezagutzeko aukera izango da.