Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatu du Sopelako Udalbatzak, joan den asteazkeneko osoko bilkuran Bilduk aurkeztutako mozioa onartu ostean. Koalizio ezkertiarreko zazpi ordezkarien babesa lortu zuen idatziak. Baina, Getxo udalerrian gertatu ez bezala —Getxoko Bilduk EAJk aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean, aipatu bi talde politikoen aldeko botoekin onartu zuten—, Sopelako EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren, udal iturriek jakinarazi dutenez. Eta, ezustekorik gabe, PSE-EE taldeko zinegotzi biak eta PP taldeko bakarrak aurka bozkatu zuten. Beraz, abstentzioak abstentzio, testuak aurrera egin zuen, aldeko zazpi boto eta kontrako hiru botoekin. Argazkian, urriaren 30ean beste horrenbeste egin zuen Getxoko Udalbatzak / cc-by Algortako Herrira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!