Euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoak goraipatzeko helburuarekin, Getxoko Udalak Argia Ereiten Getxoko Euskara Sariaren hirugarren edizioa jarri du martxan. Ostiralera arte, hilaren 9ra arte, zabalik egongo da hautagaiak aurkezteko epea eta proposatu ahal izango direnak banakoak, taldeak, elkarteak edo kolektiboak izan daitezke, beti ere getxotarrak edo Getxon finkatutakoa bizitzaz nahiz jardunbidez badira. Getxoko Udalak saria emateko kontuan hartuko ditu proposatutako lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia, euskararen normalkuntzan egindako ekarpena eta orain arteko ibilbidea. Sarirako hautagaiak euskalgintzako elkarteek, euskaltegiek, ikastetxeek, banakoek edo Udal Euskara Zerbitzuak aurkez ditzakete. Hautagaiak aurkezteko inprimakia
www.getxo.net web gunetik deskargatu eta
euskara.zerbitzua[abildua]getxo.net posta elektronikoaren helbidera bidali behar da. Argazkian, pertsona bat Argia Ereiten sariaren ikurrari so.