Euskal Kulturaren Jardunaldiak abian dira Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 5a, 22:13

Euskal Kulturaren Jardunaldien barruan, “Hitz-Enea” erakusketa Algortako azokan ikusteko aukera izango da azaro guztian zehar. Horretaz gain, larunbat honetan, hilak 10, “Maddi Pirata” antzezlana izango da Ane Monna, Oskola eta Karramarro taldearen eskutik, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, 12:00etatik aurrera. 4 urte baino gehiagoko neska-mutilentzako saiorako sarrerak 4 eurotan izango dira ondoko leku eta ordutegietan: Areetako Kukupraka ludotekan (Eskoletako plaza z/g), hilaren 6an eta 7an, 17:00etatik 19:00etara (asteazkenean goizez ere bai, 10:00etatik 13:00etara); eta Bizarra Lepoan euskara elkartearen bulegoan (Martikoena 16, 2.solairua-4.bulegoa), hilaren 5etik 9ra, 10:00etatik 13:30era (ostegunean goizez 12:00ak arte bakarrik), eta astearte eta ostegunean arratsaldez ere bai, 17:00etatik 18:30era. Argazkian, "Hitz-Enea" erakusketa Algortako Telletxe plazan egon zen ikusgai, “Iparra Galdu Gabe!” jardunaldien barruan / © Getxoko Udala.

Getxoko Udalak antolatutako Euskal Kulturaren XIV. Jardunaldiak abian daude jada, publiko guztiari zuzendutako jarduera ugarirekin. Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako jarduerek egitarau zabala eskainiko dute azaroan eta abenduan zehar, udalerriko toki desberdinetan, "helburua euskara eta euskal kultura ahalik eta herritar gehiengana hurbilaraztea baita", tokiko iturriek aipatu dutenez. Udalak, urtero bezala, udalerriko hainbat elkarteren (Bizarra Lepoan, ALBE, Sendi, Egizu Getxo Euskaldun!, "UK" aldizkaria, Getxophoto, Itxas Argia, Itxartu Dantza Taldea eta Bizkaiko Trikitixa Elkartea) kolaborazioa eduki du jarduerak antolatzeko, eta horregatik "instituzioa eta herri ekimenaren arteko elkarlanaren fruitutzat" jotzen ditu.

Lehen aipatu ekitaldiez gain, umeentzako eta familientzako hainbat tailer ere izango dira, tartean xaboi ekologikoak egiteko, hilaren 11n eta 18an, Algortako Egunsentia gaztelekuan; galleta tailerra, 21ean, Bidebitarte txokoan; eta "Zu zeu sukaldari", 30ean, Itxas Argia txokoan, Getxon. Bestalde, hilaren 21ean “Morritson eta Gartzia" antzezlana egongo da ikusgai Algortako Pipers tabernan, 20:00etan. Eta “Euskalduna naiz eta arraro nago” umorezko bakarrizketarekin barre egiteko aukera izango da, 29an, Itzubaltzeta / Romoko Anaiak tabernan, "Billares" gisa ezagunagoa.

Izarren Distira

Izarren Distira Galaren V. edizioa azaroaren 11n izango da, 19:00etan, musika eskolan. Bertan, aurretiko castingetatik pasa ondoren, udalerriko hainbat gaztek euskaraz hutsezko ikuskizuna aurkeztuko dute. Alberto Iñurrategik “Porrotaren gorazarrea” hitzaldia eskainiko du hilaren 22an, 19:30ean, Fadurako Kiroldegiko batzar aretoan, Itxas Argiak antolatzen duen Mendi Astearen barruan. Bi egun geroago, hilaren 24an, Nazioarteko Trikitixa Jaialdia ospatuko da musika eskolan, oraingoan Asturiaseko, Okzitaniako eta Euskal Herriko ordezkariekin.

Argia Ereiten Getxoko III. Euskara Saria azaroaren 28an emango da Faduran eta hilabeteari amaiera emateko, hilaren 30ean, euskal mitologiaren festa izango dute txikienek Kukupraka ludotekan.
Jardunaldiek beren jarraipena edukiko dute abenduan, ezaugarri desberdinetako hainbat jarduerarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun