Alternatiba alderdiak desazkundeaz eta krisi ekonomikoaz hitzaldi sorta antolatu du Algortan asteburu honetarako. Jardunaldiak Villamonte kaleko kultur etxean izango dira, ostiral arratsean eta larunbat goizean, hilak 9 eta 10, eta antolatzaileen arabera, "lehen mailako hizlariak" izango dituzte, "egungo egoera aztertu eta ezkerrak eskaini ahal dituen alternatiben inguruan hausnartzeko, desazkundea, ekofeminismoa eta ekologia, besteak beste". "Beste eredu bat eraikitzeko bidean ekarpen interesgarri bezain argiak" egingo dituzten hizlariak honako hauek izango dira: Yayo Herrero Lopez (Ecologistas en Accion taldeko ko-koordinatzailea eta Ingurumen Hezkuntza katedrako irakaslea), Joaquim Sempere Carrera (Ingurumen Soziologiako irakasle Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Zientzia Ekonomikoen fakultatean), Francisco Ferrer Borrego (Ekonomialaria eta “Seminari d’economia crítica” mintegiko kidea) eta Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate (Ekonomialaria eta Alternatibaren Mahai Internazionalistako koordinatzailea). Hitzaldi guztiak espainolez izango dira. Argazkian, Oskar Matute Alternatibako eleduna.