Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak 24.992 euroko inbertsioa dakarren Zainduz programa berretsi berri dute. Programa horrek boluntariotza sustatzen du mendetasuna duten adinekoak zaintzeko, eta laguntza psikosoziala eskaintzen die haien zaintzaileei, foru iturriek adierazi dutenez. Zehazki, pasa den urriaren 23an, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak erabaki-proposamen bat onartu zuen Aldundiaren eta Getxoko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko. Zainduz programa ia-ia Bizkaiko Lurralde Historiko osora zabaldu bada ere, eskualdean Leioa da, Getxorekin batera, hitzarmena sinatuta duen udalerri bakarra. Hitzarmen horien helburua familia-inguruneko mendetasun egoerei arreta emateko foru programa garatzea da; horretarako, adinekoak zaintzen dituzten pertsonei prebentzio jarduerak, boluntariotza jarduerak eta laguntza psikosoziala eskainiko zaizkie, Aldundiak gogoratu duenez. Argazkia: © Leioa.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!