Tokiko Agenda 21 garatzeko urduliztarren ekarpenak "aintzat" hartuko ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 6a, 19:57

Tokiko Agenda 21 programak instituzio batek jarduteko dituen esparruak eta bultzatzen dituen proiektu guztiak barne hartu, bildu eta modu iraunkorrean antolatzen ditu, ingurumenarekiko errespetua erakusten duen era batean. Urdulizko Udalak 2006an jarri zuen abian Tokiko Agenda 21 programa, eta, 2011ren bukaeran lehen fasea amaitu ondoren, orain, Agenda 21eko tokiko ekintza-planak berraztertzen ari da. "Balantzea egin behar da, eta etorkizuneko plangintza nola prestatu aztertu behar da", adierazi dute tokiko arduradunek. Udala zeregin hori prestatzen ari da, teknikariak eta politikariak analisiak egiten ari baitira, eta, horrez gain, herritarren iritzia ere jasotzen ari da. Orain dela gutxi, joan den irailaren 20an, Udalak ekitaldi xume bat antolatu zuen, eta, bertan, 267 urduliztarrek aukera izan zuten udalerriari buruz zuten iritzia emateko, hobetu beharreko alderdiak adierazteko, eskaerak egiteko, eta abar. Prozesu honen lehenengo ekintza izan zen hori, baina gehiago egongo dira. Izan ere, prozesu horren bidez, herritarren inplikazioa lortu nahi da, herria garatzeko engaiamendua har dezaten. Hala, Udalak bultzada emango die herritarrek parte hartzeko foroei, eta, hor, besteak beste, aurreko ekitaldian herritarrek nabarmendu zituzten alderdiak eztabaidatuko dira, herriarentzat interesgarria izan daitezkeen bestelako gaiekin batera. Ildo horretan, laster, Udalak jakinarazpena bidaliko die Urdulizko gizarteko eragileei, taldeei eta elkarteei, hainbat foro abiarazi dituela aditzera emateko. Argazkian, irailaren 20an herritarren iritziak batzen / © Urdulizko Udala.

Joan den irailaren 20an, Udalak karpa txiki bat jarri zuen Antsonekoa plazan. Bertan, informazioa eskaini zuen Tokiko Agenda 21 programaren lehen fasean gertatutakoari buruz, eta aukera eman zuen jendeak laguntza eman zezan 2020ra arte iraungo duen bigarren faserako plana diseinatzeko. Guztira, 267 lagun azaldu ziren ondorio horretarako jarri ziren panelak ikustera: panel batean, orain arte herrian egindako gauza guztien balantzea agertzen zen –nabarmendu behar da, krisia gorabehera, orain dela sei urte diseinatutako planaren %63 bete duela Urdulizko Udalak– eta, beste panelean, etorkizunerako ideiak jaso ziren. Bigarren kartelean, sei kategoria bereizi ziren: hirigintza eta mugikortasuna, kultura eta aisialdia, gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ongizatea, natura-ingurunea eta ingurumena, ekonomia eta enplegua, eta euskara eta gazteria. Era horretan, Udalak zera lortu nahi zuen: "jendeak adieraz zezan zein proposamen zuen kategoria bakoitzean, hartara, Udalaren jardueran sartuta dauden esparru guztiei buruzko ekarpenak jaso ahal izateko". Ekarpen horiek, bestalde, Tokiko Agenda 21 programaren bigarren aldian sartuko dira.

Ekimenak arrakasta handia izan zuen, udal iturrien hitzetan, urduliztarrek egindako 245 proposamen jaso baitziren guztira. Parte hartzeko modua oso erraza izan zen. Paperezko post-it batzuk utzi ziren, jendeak eskuratzeko moduan, jendeak bere ekarpenak idatz zitzan eta panelean zuzenean erants zitzan, zegokion kategoriaren azpian. Era horretan, teknikari adituen taldeak errazago aztertu ahal izango ditu iritziak, hain zuzen ere, Tokiko Agenda 21 programaren bigarren fasea diseinatuko duen taldeak, talde hori arduratuko baita bideragarritzat jotzen dituen ideiak planean sartzeaz.

Herria eta Udala bat

Parte-hartze aldetik izan zen "arrakasta" alde batera utzita, edukia jo dute garrantzitsutzat, hau da, urduliztarrek egindako ekarpenen bidez bildutako datuak. Ildo horretan, bereziki nabarmendu dute tokiko arduradunek, "herritarrek esandakoaren arabera, herria eta Udala norabide beretik doazela aurrera, Udalak aurrez hartu baitzituen kontuan herritarrek adierazitako puntu guztiak". Proposamenik hedatuena udal-igerilekuak egitearena da, 33 eskari izan baitira ildo horretan. Ideia horretaz gain, 19 lagunek bultzatu dute kiroldegia eraikitzeko proposamena, eta, horrenbestez, gehien eskatu den hirugarren proposamena izan da hori. Auzi horri dagokionez, esan behar da Udalak bi proiektuak aurreikusi dituela, eta, berez, 2013ko aurrekontuetan kontusailak jaso dituela. Orain dela urte batzuk gauzatu zen kirol-ekipamenduaren proiektu orokorraren lehen fasea, Iparralde futbol-zelaia eraiki zenean; hala, beraz, Udalak bigarren faseari ekingo dio 2013an, eta, hortaz, kiroldegia bera eraikitzen hasiko da. Igerilekuak aurrerago egingo dira, hirugarren fasean.

Urduliztarren ustez, oso garrantzitsua da udalerrian dauden parkeetako bat osorik edo zati batean estaltzea (eskaera gehien izan duen bigarren proposamena da hori, 27 post-itekin). Udalak ere aintzat hartu du proposamen hori, eta, horra hor, adibidez, Marineortako parkearen oraintsuko kasua, hor jarri baitira herrian dauden haurrentzako lehenengo jolas estaliak. Hortaz, Udalaren ustez, logikoa eta gauzatzeko modukoa da herritarrek egindako eskaera hori; eta, beraz, 2013an, Antsonekoa plazako jolasen gunea estaliko du, urte osoan barrena erabili ahal izateko, eguraldia gorabehera.

Enplegua

Urduliztarrei kezka gehien pizten dien beste gaietako bat enpleguarena da, ezin bestela izan. Guztira, 16 ekarpenek aipatzen dute ezinbestekoa dela herrian egoitza duten pertsonen kontratazioari lehentasuna ematea, Urdulizen kokatuta dauden enpresetan edota herrian egiten diren herri-lanetan edo hirigintzako proiektuetan. "Udala bereziki nabarmentzen ari da alderdi hori, eta, ildo horretan, harremanetan jarri da Urdulizen kokatuta dauden enpresekin. Izan ere, orain dela hilabete batzuk, alkateak gutuna bidali zien enpresa horiei guztiei, Urdulizen dauden langabeen alde jokatzeko, eta enpresei eskatzeko langabe horiek lehentasunez har zitzatela aintzat beraien hautatze-prozesuetan", azaldu dute agintari urduliztarrek. Gero, hala alkateak nola Udaleko beste agintari batzuek ildo horretako adierazpenak egin dizkiete enpresei behin eta berriro. "Era berean jokatu du Udalak Urdulizkoak ez diren baina bertan lanak egiten ari diren instituzioekin eta enpresekin, adibidez, Osakidetzarekin, etorkizuneko Uribe Kostako Ospitalea dela-eta. Gainera, gogoan izan behar dugu Udalak 150.000 euro bideratzen dituela urtean prestakuntzako eta enpleguko plan bat garatzeko, eta azken urteetan plan horrek 30 laguni baino gehiagori eman diela aldi baterako enplegua, udal-eginkizunetan", aipatu dutenez.

Urduliztarrek eskatu dituzten baina "Udalak aurrez aztertuta zituen" beste jarduera batzuk (kasu batzuetan, aurreikusita ere bai) hauek dira: trenbide-pasagunea kentzea edo metroa lurperatzea (11 lagunek eskatu dute), aparkaleku publikoko plazak ugaltzea (11 eskaera), garraio publikoaren kalitatea eta maiztasuna handitzea (9), etab.

Segurtasuna

Herritarren kezka pizten duen beste gai bat segurtasuna da, 7 ekarpenetan eskatu baita Urdulizek herriko Udaltzaingoa izatea. "Egia esan, Urdulizek 5.000 biztanle ere ez dituenez, ezin du zerbitzu hori izan", diote Udaletik. Une honetan, tokiko erakundeak 3.600 lagun baino gehiago ditu erroldatuta, baina, kalkuluen arabera, biztanle asko dago erroldatu gabe. "Zalantzarik gabe, lagun horiek herrian erroldatuko balira, hori lagungarria izango litzateke herriari buruzko ikuspegi benetakoagoa izateko, eta, hortaz, zerbitzuak beharrizan horien arabera egokitu ahal izateko", gaineratu dutenez. Nolanahi ere, Udalak "ahal duen guztia" egiten du Urduliz ahalik eta seguruena izan dadin. Tokiko agintarien hitzetan, "Udalak ondotxo daki, herria hedadura aldetik zabala denez eta baserri asko barreiatuta daudenez, lan hori zail samarra dela. Hargatik, Udalak behin baino gehiagotan adierazi dio Ertzaintzari patruila- eta zaintza-lanak indartu behar dituela, eta gehiagotan azaldu behar duela udalerrian".

Ekarpen horiek, eta urduliztarrek egindako gainerako guztiek, bai eta herritarrek parte hartzeko prozesuan eta azterketa tekniko eta politikoan azal litezkeen gainerako guztiak ere, kontuan hartuko omen dira Tokiko Agenda 21 berria prestatzeko. Urdulizko Udalak 2013ko maiatzerako izan nahi du plana diseinatuta eta martxan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun