Bi gazte atxilotu dituzte Getxon tabako-denda batean arma faltsuaz lapurtu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 6a, 20:43

Getxoko Udaltzaingoak bi gazte atxilotu zituen atzo, 20 eta 24 urte arteko getxoztarrak, udalerriko tabako-denda batean larderia erabiliz egindako lapurreta egotzita. Polizia iturrien arabera, arma faltsua erabili zuten tabako-dendaren jaberantz kanoia zuzenduz, eta brida batzuk ere bere eskuak lotzeko. Kutxa gotorra irekitzeko behartu zuten eta bertatik 2.000 euro inguru, tabakoa eta bere poltsa ostu zituzten. Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroan telefono deia jaso zuten 20:00etan bi lagun tabako-denda bat lapurtzen ari zirela ohartaraziz. Kaletik ikus ez zedin, erakusleihoko kristalaren zati bat estali zuten paper marroi batez. Kaleak oinez zaintzen dituzten udaltzainek, irrati-igorgailutik horren berri jaso eta handik gutxira, gazte bat kaletik korrika zihoala ikusi zuten bizkarrean motxila zeramala. Haren atzetik joan eta gainontzeko udaltzainei gertakariaren berri eman zioten. Azkenik, gaztea, ihesaldian buru-beroki bat utzi eta gero, gelditu zuten. Azaleko miaketan, arroparen azpian, gerri aldean, bola-pistola bat aurkitu zioten, benetakoen antzekoa. Praketako poltsiko batean dirua eta esku batean beltz koloreko eskularrua atzeman zizkioten ere. Halaber, eskuan zauri batetik odola zerion. Udaltzainek atxilo eraman zuten. Argazkian, ezkuinean, bi gazteek ustez erabilitako arma faltsua / © Getxoko Udala.

Ondoren, poliziak egindako ikerketei esker, bigarren lapurra nor zen jakin ahal izan zuten, eta bere etxebizitza inguruan aurkitu eta atxilotu zuten. Gazteak udaltzainei jakinarazi zien lapurtutako gauzez betetako motxila Getxoko zein lokalean utzi zuen. Tabako-dendako jabearen zorroa, tabako-paketeak eta lapurreta egiteko erabilitako arropa zeuden bizkar-zorroan. Bi gazteak epailearen aurrera eraman dituzte gaur bertan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun