Gaurtik azaroaren 17ra arte zabalik egongo da 2012an udalerriko gobernuz kanpoko erakundeen egoitzen mantentze eta langileen gastuak ordaintzen laguntzeko eskaerak aurkezteko epea.
Getxoko Udalak 18.720 euro zuzenduko ditu deialdi horretara. Diru-laguntza eskatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroan eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan erregistratuta dauden dirua irabazteko asmorik gabeko elkarteek, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Bere xedeen artean nazioarteko garapen lankidetzarako ekintzak, garapenerako hezkuntzako ekintzak, edo/eta sentsibilizazio ekintzak egitea daude eta udalerrian egoitza edo ordezkaritza finkoa eduki beharko dute, eskabidea aurkeztu baino bi urte baino lehenagotik gutxienez. Eskabideak eta beharrezko agiriak herritarren arretarako bulegoetan (udaletxean, Getxon, Itzubaltzeta / Romon edo Algortan) aurkeztu beharko dira, baita legeak aurreikusitako tokietan ere. Argazkian, Imanol Landa alkatea Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean aritzen diren hainbat elkarterekin, artxiboko irudian.