Urdulizko Udalbatzak irailaren 25eko osoko bilkuran behin-betiko onartu zuen Arteta (34. eremua) lursailean 28 etxebizitza tasatu esleitzeko prozesua. Bada, eskakizunak aurkezteko epealdia zabalik dago jada Etxebizitzak Eskatzen dituztenen Udal-Erregistroan apuntatu nahi direnentzat, promozio honetako zozketan parte hartzeko asmoz. Horretarako oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko 204. zenbakian argitaratu ziren urriaren 23an. Gauzak horrela, eskaera orriak Urduliz Urbanismo SA sozietate publikoak udaletxeko bigarren solairuan duen egoitzan eskura daitezke, arreta emateko ordutegian (goizeko 9:30etatik 13:30etara arte);
baita udal webgunean ere. Behar bezala beteriko eskabide-inprimakiak aurkezteko epea, hiru hilabetekoa izango da, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zirenetik. Epe hori luza daiteke Urdulizko alkatearen erabakiz. Argazkian, Urduliz.