Bihar eta etzi, ostiral eta larunbata, Elikagaien Bilketarako Egunak antolatu dituzte
Carrefour Elkartasun Fundazioak eta
Bizkaiko Elikagaien Bankuak. Eskauldean, kanpaina Erandioko (Lataondo Bidea, 2 - Asua) merkataritza-zentroetan egingo dute. Egitasmoaren helburua "zailtasun ekonomiko larria bizi duten pertsona eta familien beharrak asetzea" da, fundazioak zabaldu duenez. Horretarako, asteburuan mahai bat paratuko dute supermerkatuan eta kontsumitzaileek bertan emango dituzten elikagaiak bikoiztuko ditu Carrefourrek, Bizkaiko Elikagaien Bankuaren esku uzteko. Pasa den maiatzean, Estatu mailan hainbat elikagai bankuri 820 tona jaki banatu zizkien merkataritza enpresak. Horrelako kanpainetan Eroski, Simply eta Ercoreca supermerkatuek ere parte hartzen ohi dute. Kanpaina hauetan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak elikagai ez-galkorrak jasotzea bilatzen du, batez ere lekaleak, azukrea eta olioa. Iaz, bankuak 3.061 tona jaki banatu zituen 26.551 pertsonari, hainbat erakunde laguntzaileren bidez. Halere, Nicolas Palacios presidenteak kezka agertu du, "gero eta jende gehiago biltegiraino etortzen delako jakiak eskatzen". Argazkian, Nicolas Palacios Basauriko biltegian / © Bizkaiko Elikagaien Bankua.