Plentzia ta Gorlizko Gazte Asanbladak zabaldutako oharra:
Laster, azaroaren 20an, Ermitatze gaztetxean identifikatuak izan ziren 6 gazte epaituko dituzte. Bere garaian fiskaltzak zein etxeko jabeek (Inmaculada Uriarte Elortegui, Mª Nieves eta Marina Uriarte Argiarro) egindako zigor eskakizunak mantenduz. Hau da;
- Pertsona bakoitzeko 2196 euro (Fiskaltzak) x 6 = 13.176 euro.
- Pertsona bakoitzeko 6588 euro (etxeko jabeek) x 6= 39.528 euro.
Hasiera baten esan genuen moduan, berriz ere agirian gelditu da etxeko jabeen diruzaletasuna, hauen borondate eza akordioetara ailegatzeko eta hauen mendeku nahia. Inmaculada Uriarte Elortegui, Mª Nieves eta Marina Uriarte Argiarro “anderei” argi utzi nahi diegu epaiketa bai edo bai irabaziko dugula. Azaroaren 20an emaitza edozein izanda ere, Plentzia eta Gorlizko herriaren babesa gure aldekoa izango da. Guk “justizia anker” honen epai jasoko dugu baina zuek herriaren epaia. Hau da, guretzeko balio duen benetako epaia. Plentzia eta Gorlizko Gazteek, herriak, ez dute ahaztuko zuen mendeku nahia!
Bi herri hauen udaletxeek osatzen duten udal gobernuei dagokienez, eta batez ere, Plentzia Udalari dagokionez, epaiketa honen aurrean mantendutako distantziakidetasuna txalotu nahi dugu. Oso arro gaude gure Udalak izandako jarreraz, izandako pasibotasunaz. Aupa zuek! Jakin ezazue, azaroan ez dela arazoa amaituko eta gaztetxearen jabeei konponbidea ematea hein handi batean zuei dagokizuela. Hala ere, zuen erantzunen zain ez gara geldituko, bestela jai daukagu. Lehen zuen aitzakia lokal gabezia zen, orain lokal libreak dituzue. Zein da zuen aitzakia?
Hau esanda, mila esker babesa helarazi diguzuen guztioi. Besterik gabe, epaiketa guztien gainetik gaztetxearen alde lan egiten jarraituko dugu, Plentzia eta Gorlizko herriak eraldatzen jarraituko dugu, okupazioa delitua ez dela aldarrikatuko dugu eta gure ahotsa ozen entzun beharko duzue.
Gora Plentzia eta Gorlizko Gazte Mugimendua!
Gaztetxeak aurrera!
Gora delinkuentzia okupazioa delitua bada!