Zortzi taldek parte hartuko dute igande honetan, azaroak 11,
Getxoko Udalak
Euskal Kulturaren Jardunaldien barruan antolatutako Izarren Distira Galaren aurtengo edizioan. Hitzordua 19:00etan izango da Andres Isasi Musika Eskolan, Areetan. Aipatu taldeak casting bidez aukeratu dituzte. Horietan, guztira, 12 eta 17 urte bitarteko 61 gaztek parte hartu dute, 17 taldetan banatuta, udal iturriek zehaztu dutenez. Galan, mimoa, antzerkia, zuzeneko musika, bakarrizketak, ikus-entzunezko saioa eta dantzak eskainiko dituzte neska-mutilek. Dinamizatzailea Jon Urbieta, ETBko aurkezlea, GO!azen telesaioko aktorea eta DJ-a izango da. Epaimahaia, berriz, Itxaso Paya bertsolaria eta GO!azen telesaioko aktore algortarrak eta Revolta Permanent taldeko kideek osatuko dute. Hutsa taldeak gala girotuko du, eskainiko dituen talde batzuen bertsio akustikoekin. Talde irabazlearentzako saria Saloun dagoen Port-Aventura parkerako bidaia izango da. Galarako sarrera gonbidapenen bidez izango da eta horiek gaur arte hartu ahal izango dira Itzubaltzeta / Romoko eta Villamonteko kultur etxeetan. Soberan geratzekotan, txarteldegian saioa hasi baino ordu erdi bat lehenago ere hartu ahal izango dira. Argazkian, iazko galako parte hartzaileak / cc-by-nc-sa Topagunea.