Indarkeria matxistaren kontrako zinema zikloa egingo dute bi igandez Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 10a, 03:55

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, "Zu barik ni naiz" zinema zikloa antolatu du Algortako Bilgune Feministak, Abian Kultur Elkartearekin batera. Horrenbestez, igande honetan, azaroak 11, film labur eta dokumental arrastia egingo dute 18:00etatik aurrera, aipatu elkarte algortarraren egoitzan, Bidebarri kaleko 2. zenbakian. Hilaren 25an, berriz, "The purple color" filma egongo da ikusgai toki eta ordu berberetan. Zine-forum formatuan planteatuta daude emanaldi biak, Bilgune Feministak azaldu duenez. Gaineratu dutenez, "gaztaina erreak eta palomitak ere egongo dira, goxo-goxoak.... beraz domeka arratsalde bitarako plan paregabea!". Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea Algortan, artxiboko irudian.

Igande honetan ikusgai egongo diren filmak:

- "No le des la espalda" (A.F. Mateos / 30 segundo)
- "Gu gara" (Izaro Gonzalez Ieregi / minutu bat eta 51 segundo). Algortar gaztearen lana da euskaraz izango den bakarra.
- "La era de las decisiones" (Alicia Murillo / 4 minutu eta 26 segundo)
- "Por la calle" (KmKz films / 3 minutu eta 35 segundo)
- "La loca de mierda. Piropos" (Cualca! / 2 minutu eta 21 segundo)

- "Amazonas. Mujeres indomables" dokumentala.

Algortako Bilgune Feministaren irakurketa:

Azaroaren 25a Dominikar Errepublikan diktaduraren aurka borrokatu ziren Mirabal ahizpen omenez emakumeen aurkako indarkeria salatu eta honi aurre egiteko nazioarte mailan ezarri zen eguna da.

Urtero bezala tamalez, saminez eta amorruz, gurean ere indarkeria hau birsortu eta iraunarazten duten instituzioak interpelatu eta salatzeko beharrarekin aurkitzen gara. Baita guk geuk botere sistema honetan jokatzen dugun paperaz ohartarazi eta neurriak hartzeko ere.

Mundu osoan zehar, kultura okzidental zein orientaletan, ematen da emakumeon kontrako indarkeria. Emakumeak modu oso sotilean zapaltzetik erailtzeraino.

Euskal Herrian aurten 5 izan dira gizonek eraildako emakumeak.

Egoera honen aurrean, eta indarkeria sexista egiturazkoa dela ulertuta, hau da, gure bizitzaren eremu guztietan pairatzen dugula, honen dimentsio guztiak kontuan hartuko dituen neurriak eta borondate politikoa ezinbestekoa da.

Bestalde, ezinbestekoa da ere eztabaida soziala ematea, gu ere indarkeria eta botere harremanen egituraren parte garen heinean, erantzukizuna guztiona baita eta gatazka honi amaiera emateko pausuak bultzatzea guztioi dagokigu eta.

Egunotan ikusgai egongo diren filmekin indarkeriaren estrukturaltasuna eta gordintasuna ikusteaz gainera, emakumeek kolektiboki aurre egiteko sortutako bideak ere ikusiko ditugu. Indarkeria matxistaren aurrean, eztabaidarako eta erresistentzia feminista bultzatzeko bitarteko bezala planteatu dugu zinema ziklo hau.

Animatu eta parte hartu!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun