Sopelako 42 zinegotzi eta zinegotzi ohi: "Ez garaitu, ez konbentzitu. Inposizioa besterik ez!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 11a, 21:09

Sopela herriko alkateak eta zinegotziak, oraingo eta aurreko legealdikoak, inposizio berri baten aurrean bat egin dugu gure jarrera jakinarazteko. Inposizioa berria, baina historian zehar behin baino gehiagotan errepikatu dena, bai gure herrian, bai Euskal Herri osoan. Espainiako Gobernu ordezkaritzak lehenago, eta gero Espainiako epaitegiek lege-aginduak helarazi dizkiote udalari Espainiako bandera ezar dadin Sopelako udaletxean, Sopelako legezko ordezkarien aurka erabateko gaitasungabetze eta epai eta polizial jazarpenaren mehatxupean. Argazkian, Sopelako Udaleko legealdi desberdinetako zinegotzi eta zinegotzi ohiek, espainiar banderaren inposizioaren aurrean, manifestu bat irakurri dute gaur / cc-by Sopelako Bildu

Historian zehar gertatutakoaz ez dute ezer ikasi, eta gainera, inposizioaren bidetik jarraitu nahi dute.Ez dira gauza konturatzeko Herri baten sinboloak badirela, herri horren herritar gehienek era askean eta naturalean atxikitzen dituztenak. Eta orain ari garen egoeraz, Espainiako bandera Frankoren tropek bortizkeriez eta indarrez inposatu zuten; beraz, ez da izan, ez da, eta ez da izango baterakuntza eta atxikimendua sortuko duen sinboloa sopeloztar gehienon artean. Nabaria eta begi-bistakoa da, era naturalean eta askean, sopeloztarron atxikimendua sortzen duena ikurrina dela.

Historiari begira

Gure herrian, eta jadanik faxista-kolpea eta indarrez ezarritako erregimena baino lehen, herritarrok hainbat unetan argi eta garbi adierazi dute ikurrinarekiko errespetua, eta gure herria ukatzen duen sinbologiaren ezarpenaren aurkako jarrera:

Hona hemen hemeroteketan jasotako zenbait pasarte.

1.- Egun osoan zehar egin du lan Arloko Instrukzio epaitegiak Sopelako herriko ontzi Jasotzailea den Edmundo Coutoren etxeko bandera espainiarraren suntsiketaren inguruan. Ustezko egilea, Alfredo Etxabe, atxilotua izan da. Alfredo Etxabe “Mirentxu” euskal operaren egilea da eta “Euzkadi” egunkari abertzalearen zuzendari ohia. Deklaratu ostean kartzelatua izan da. 1915eko irailaren 9an.

2.- Espainiako Audientzi Nazionalaren bigarren gelak sei hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri die Jose Loroño eta Tiburcio Leme-ri, Espainiako banderari egindako laidoengatik Sopelako herrian. 1916ko maiatzaren 19an.

3.- Sopelako alkatea epaitua eta gaitasungabetua. (Euskal Herriko alkateek Espainiako bandera ezartzeko izandako aurkako mugimenduaren barruan) 1934ko irailaren 7an.

4.- Espainiako bandera ez jartzeko Euskal udalen auziko epaileak, fiskalak egindako eskaerarekin bat eginez, 8 urteko gaitasungabetze eta 300 pezetako isuna ezarri dio Sopelako Alkateari, Zurbano jaunari. 1934ko irailaren 19an.

5.- Bizkaian, Sopelako udalerrian, “isilpeko gerra” bat dago azken hilabeteetan. Udalak haga handi batean ikurrina ipini du eta Guardia Zibilak, Gobernu zibilaren aginteak jarraituz, ikurrina kentzen du arrisku handi pean. Kendu eta egun batzuetara udalak berriro jartzen du ikurrina eta Guadia Zibilak berriro kentzen du. 1988ko martxoaren 1ean.

Aurrekari hauek ikusita, 2011ra heldu gara, eta gai honen inguruan sopeloztar gehienok duten iritzia baztertuz eta inolako sentsibilitaterik gabe, Espainiako Estatuak bide zaharretatik bueltatzen da udalbatza mehatxatuz eta nahi ez den bandera espainiarra jar dadin aginduz.

Helburu argia da, Estatu Espainiarrak bozketa aske eta demokratikoaren bidez lortzen ez dituen karguak bertan behera utzi nahi ditu. Azken helburu hau ezagutuz, aurre egin behar zaio sopeloztarrok aukeratutako ordezkaritza bere osotasunean mantenduz. Ez gara segada horretan eroriko, eta ezin diogu besterik gabe biderik eman inposatze honi. Gure artean egon daitezkeen ezberdintasunen gainetik, inposizio honen aurrean batera erantzungo dugu, sopeloztar gehienok eskatzen diguten bezalaxe.

Aurrekoa esan ondoren, zera azaltzen dugu:

1.- Gure erabateko desadostasuna inposizio honekin.

2.- Mehatxu - errekerimendu- hau etengabeko probokazio estrategia batean kokatzen da. Probokazioak baldintzatu, eta are gehiago, oztopatu nahi du garai berri bat non euskal jendarteak jarrita dituen oinarriak bakea eta etorkizuna demokratikoki eraikitzeko.

3.- Ildo honetan, historiari begira, argi adierazi nahi dugu, inposatzen zaigun banderak ez gaituela inola ere ordezkatzen, ez gure iraganean, ez gure orainaldian. Espainiako herritarrak bandera horretan haien burua ordezkatua ikusten badute errespetatzen dugu; baina era berean gu ere errespetatuak izan gaitezen exijitzen dugu, eta honen moduko inposizioaren bidez proboka ez gaitzaten.

4.- Espainiako gobernuari, PSOEri eta PPri eskatzen diegu sopeloztar eta euskal hiritar gehienon eskubidea errespeta dezaten ordezkari gisa ikusi nahi dituzten sinboloak erabaki ditzaten libreki.

5.- Herritar guztiei, alderdi politikoei eta Sopelako giza eragile orori dei egiten diegu Espainiako bandera ezartzearen aurrean duten desadostasuna azalarazteko, ikurrina leku guztietan erabiliz, kaleetan, etxeetan, herri sarreretan eta gure biziaren, bai pertsonala zein taldekako, edozein abagunetan.

6.- Manifestu hau bultzatzen dugun Sopelako hautetsiok eta babesten duten partidu politikoek ondorengo jarduerak bultzatuko ditugu:

a.- Sopelako udalbatzaren eskutitza Espainiako gobernuari inposizio honen aurrean bere desadostasuna adieraziz.

b.- Ildo berean mozio baten onarpena proposatu eta manifestu honetan oinarrituz.

c.- Mozioaren edukia herritartu ondorengo herri komunikabideetan: Sopelana Gurea, Berria, Gara eta Deia.

d.- Aipatutako mozioan adostuko da Sopelako udalak herritarrak deitzea ekitaldi publiko batera udaletxeko plazan inposizio hau salatzeko eta ikurrina dela ordezkatzen gaituen sinboloa adierazteko. Ekitaldia azaroaren 17an gauzatuko da 13:00ean Udaletxeko plazan.

e.- Udalaren balkoian era iraunkorrean pankarta bat ipiniko da “Inposaketarik ez, Sopelan gureak” leloarekin.

f.- Udal dokumentu eta agiri guztietan logo bat ipintzea non “Inposaketarik ez, Sopelan gureak” jarriko duen, ikurrina eta Sopelako bandera ondoan daudelarik.

g.- Gertaera hau ez da bakarrik Sopelan suertatu, hori dela eta, partidu, sindikatu eta euskal eragileren arduradunei, eta era berean Erkidego eta Foru mailako instituzioei eskatzen diegu akordio eta estrategia baterakoiak har ditzaten herritarrok demokratikoki adierazitako borondatea errespeta dadin bandera eta orokorrean sinbolo guztiak ezartzeko unean.

Mozioa Udalean erregistratuko da, eta gaur egungo korporazioari eskatzen zaio 2012ko azaroaren 15ean Ez-Ohiko Udal bilkura batean azter dezan.

Eransten den zerrendan agertzen diren zinegotzi ohi, eta egungo zinegotziak:

1. Rufino Lopetegi Azpiroz (HB)
2. Juan Carlos Momoitio Oleagagoitia (HB)
3. Juan Ayo Basarte (HB)
4. Francisco Cebas Garcia (HB)
5. Andres Fontan Graña (HB)
6. Roberto Garai Gutierrez (HB)
7. Jose Luis Bilbao Beitia (EE)
8. Juan Mª Oiarbide Arrizabalaga (HB)
9. Jose Luis Muñoz Garcia (HB)
10. Izaskun Labeaga Garcia (HB)
11. Mª Angeles Abad Fuentes (HB)
12. Jaione Carrasson Gutierrez (HB)
13. Santiago Labeaga Amo (HB)
14. Juan Carlos Ramírez Fernández (HB)
15. Josune Barrenetxea Larrondo (HB)
16. Juan Antonio Arana Larrazabal (HB)
17. Endika Guarrotxena Arzubiaga (HB)
18. Juana E. Garai Saenz de Buruaga (EA)
19. Joseba Saitua Etxegarai (EA)
20. Jose Vicente Ojinaga Bilbao (IU-EB eta Alternativa)
21. Amaia Unibaso Landaluze (HB)
22. Josu Barbarias Olabarria (EH)
23. Urko Labeaga Garcia (EH)
24. Koldobika Llona Fernández De Nograro (EH)
25. Alberto Hernández Domínguez (EH)
26. Guillermo Vio Domínguez (SA eta ANV)
27. Koldobika Abedillo Murga (SA)
28. Fernando Orozko Ugarte (SA)
29. Cristina De La Cruz Ayuso (IU-EB)
30. Miren Lopez Gilisasti (IU-EB)
31. Gaspar Eguiluz Bedoia (ANV)
32. Ziortza Ruiz Linaza (ANV)
33. Iratxe Moreno Fernandez (ANV)
34. Olga Angulo Bilbao (IU-EB eta Alternativa)
35. Juan Ignacio Del Vigo Cruz (Berdeak)
36. Saioa Villanueva Zarandona, Alkatea (Bildu)
37. Alain Goldaraz Rodriguez (Bildu)
38. Leire Pinedo Bustamante (lehen EA eta orain Bildu)
39. Betitxe Saitua Estebanez (Bildu)
40. Juan Guillermo Garcia De La Fuente (lehen IU-EB; Alternativa eta orain Bildu)
41. Sonia Huidobro Ruiz (Bildu)
42. Fernando Sanchez Sanchez (Bildu)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun