Ikertzaileek adierazi bezala, ikerketak iraun duen bitartean, informazio eta dokumentazio ugari bildu dute. Hala, artxibo zaharrak arakatzeaz gain, ahozko informazio iturriak erabili dira. Ikerketa honetan leioaztar batzuek modu aktiboan hartu dute parte, eta euren memorian gorderik zuten informazioa emanda, euren laguntza eta ekarpena funtsezkoak izan dira lan hau burutu ahal izateko.
Balioak
Balio linguistikoa eta balio historikoa dira toponimiak dituen bi balio nagusiak. Horrela, bada, ikerketa honen emaitzak askotarikoak dira: Leioako leku-izenak sendotzeaz gain, herriko toponimia historikoaren ia %100 euskalduna dela erakusten du. "Baina euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzak eragin zuzena izan du toponimian ere, eta jatorrizko izenak aldatu edo desitxuratu egin dira elkarreragin horren ondorioz", azaldu dute Leioako Udaleko iturriek. Bestalde, Leioako euskara aztertzeko ere balio handiko informazioa ematen du toponimiak.
"Leioako leku-izenak" liburuak udalerriaren izenari buruzko informazio zehatza ematen du hasieran, eta ondoren auzo-, etxe- eta kale-izenen berri eskaintzen du. Leioako etxaldeei -baserriei- arreta berezi eman diete libururen egileek, "toponimian altxorrik handienak eta emankorrak" direlako. XVI. mendeko etxe-izen batzuk bildu dira, eta XVIII. eta XIX. mendeetako baserri zerrendak eskaintzen dira, informazio osagarriarekin: baserriari buruzko datuak (desagertua dagoen, adibidez), izenaren historia, gaur egungo kokapena eta baita argazki ugari ere. Azkenik, "beste leku-izen batzuk" izenburupean, mendien, basoen, erreken eta lur sailen izenen azalpenak bildu dira.
Aurrerantzean, euskarri digitalean ere kaleratuko dira ikerketaren emaitzak, CD batean bilduko direlarik. Euskaltzaindiak eta Leioako Udalak 2011ko apirilean sinatu zuten Leioako leku-izenak kaleratzea xede zuen lankidetza hitzarmena.