Amaia Egañaren heriotzak ez du inor epel utzi. Etxegabetu nahi zuten 53 urteko emakumeak bere buruaz beste egin ostiralean Barakaldon. Larunbat goizean, berriz, pintadak agertu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait bankuko bulegotan, espainolez eta euskaraz, bankuei "hiltzaileak" deituz, Egañaren hilketa eragitea egotzita. Egun berean heldu zen
Kutxabank-en iragarpena: "hipoteka-betearazpenak berehala baina aldi baterako bertan behera utziko ditugu, araudi berriak hauen gainean izango duen eragina ezagutu arte". Hala ere, antza, emakumearen hilketak ez beste faktoreek ekarri dute BBK, Kutxa, Vital eta Cajasur banketxeek osatzen duten entitatearen erabakia: "Kutxabankek instrukzioak eman ditu hipoteka-betearazpen guztiak baliogabetzeko, behintzat araudi berriaren nondik norakoak ezagutu arte", adierazi zuen prentsa ohar bidez Mario Fernandez buru den finantza-erakundeak.
Etxe kaleratzeen Espainiako legedia legez kanpokoa dela ebatzi du Europako Batasunak. Bestalde, Marta Uriarte Stop Desahucios Bizkaia elkarteko koordinatzailea Madrilera joango da gaur, PPren egoitza nagusiaren aurrean Amaia Egañaren heriotza salatzeko,
Eitb.com agerkari digitalak aurreratu duenez. Uriartek azaldu duenez, Barakaldoko emakumeari egin dakiokeen "omenaldirik onena legea aldatzea da". Bitartean, Espainiako Gobernuak eta PSOEk "premiazko bilera" egingo dute gaur, "etxegabetzeen aurkako neurriak" adosten saiatzeko. Argazkian, Marta Uriarte Stop Desahucios Bizkaia elkarteko koordinatzailea Madrilera joango da gaur, PPren egoitza nagusiaren aurrean Amaia Egañaren heriotza salatzeko.