Algortako San Nikolas ikastolako 12 urteko sei gaztek osatutako taldeak irabazi du,
Getxoko Udalak antolatuta, gazteen artean euskararen erabilera sustatu nahi zuen IV.
Izarren Distira Gala. Areetako Andres Isasi Musika Eskola ia beteta egon zen atzo arratsaldean, tokiko iturriek aipatu dutenez, eta guztira zortzi ikuskizun desberdin ikusi ahal izan zituzten bertaratutakoek; tartean, mimoa, ikus-entzunezko bat, umorezko bakarrizketa edota antzerkia. Irabazleek “Euskararen bila” izeneko antzezlana eskaini zuten. Taldeko lau kidek aktore lana egiten zuten bitartean beste biek, mozorro ezberdinez baliatuta, tronpeta joz alaitu zuten giroa. Amaieran ikusleak ere altxatu eta dantzan jarri zituzten “Guk euskaraz, zuk zergatik ez” abestiaren doinuek lagunduta. Publikoaren txalo gehienak eraman zituzten eta amaieran Port-Aventurako parkerako bidaia eskuratu zuten, Kepa Miñambres Udaleko zinegotziaren eskutik. Argazkian, iazko galako parte hartzaileak / cc-by-nc-sa Topagunea.