Hezkuntza eta Herrizaingo sailek horrelako simulazio-ariketa gehiago antolatzeko asmoa daukate Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan, datozen hilabeteetan. Izan ere, horrela ezartzen baitu Autobabeserako Euskal Arauak.
Arau horren arabera, ikastetxeek Autobabeserako Plan eguneratua izan behar dute eta plan horren barruan aurreikusita egon behar da urtean gutxienez simulazio bat egitea, benetako ezbeharren baten aurrean, gertakaria antzematen denetik larrialdi-zerbitzuak heldu arte, martxan jarri beharko liratekeen jardunbideak praktikan jartzeko.
Bi eta hamabi urte bitarteko 200 bat neska-mutilek parte hartu dute gaur goizean Algortako Larrañazubi Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean egindako sute-simulazioan. Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, goizeko ariketan ikastetxeko Informatika gelan sutea piztu izan balitz sortuko litzatekeen egoerari aurre egin diote Larrañazubin. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berak zein Hezkuntza Sailak batera antolatu dute aipatu proba, ikastetxeko langileen zein ikasleen kaleratzea aurreikusten zuena. Jaurlaritzak prentsa ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera, "ebakuazioa arrakastaz bukatu da eta era ordenatuan gauzatu da, denbora tarte txiki batean, aurreikusitako parametroen arabera". Simulazioan, Hezkuntza eta Herrizaingo sailen teknikariez gain, ikastetxekoek zein Getxo Udalekoek ere parte hartu dute. Argazkian, gaurko kaleratzearen irudi bat / © Eusko Jaurlaritza.