Ezker Abertzalea: "Bihar arratsaldean eragile sozialek deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 13a, 17:48

Larrialdiko egoera bizi dugu Euskal Herrian. Finantza merkatuek eragindako krisiari Gobernu espainiar ezberdinek emaniko erantzunak kinka larrian utzi ditu eskubide sozialak eta sistema publikoa. Madrilen politikak etorkizunik gabe uzten du gure herria eta egoera honi aurre egiteko, ezinbestekoa zaigu burujabetza politiko eta ekonomikoa eskuratzea, gure politika ekonomiko, sozial eta laboral propioak erabaki eta gauzatu ahal izateko. Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da larrialdi egoera hau gainditu eta eredu politiko, sozial eta ekonomiko justu bat eraikitzeko alternatiba integral bat sortzeko eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko elkarrizketa bultzatu eta elkarlana gauzatzea. Herri bezala eta herritarrak ardatzean kokaturik egin behar zaio aurre egoerari. Hori da Ezker Abertzalearen lehentasuna. Argazkian, irailaren 26ko greba orokorreko mobilizazioa Areetan.

Jarrera argi, iraunkor eta zintzoak eskatzen ditu egoera honek, eta ikuspegi horretatik, Ezker Abertzalea oso kritikoa da UGT eta CCOO sindikatuak azken urte luzeotan garatu duten ildoarekin: sindikatu hauek ez diote egiazki aurre egin azken urteotan PSOE zein PPk gobernu espainiarretik burutu duten aurrekaririk gabeko erasoaldiari. Are gehiago, Madrileko gobernuak bultzaturiko hainbat neurriren inplementazioa ahalbidetu dute hainbatetan. Tamalez, UGT eta CCOO, egungo eredua gainditzea beharrean, krisia eragin duen ereduaren mantentzean kokatzen dute lehentasuna.

Erantzun puntualetatik harago, egungo egoera errotik aldatuko duen ildo eraikitzaile eta mobilizatzaile bat da larrialdiko egoera honek eskatzen duena, herriz herri gauzatuko dena eta herritarrek protagonismo osoa izango dutena.

Azkenik, ezinbestekoa deritzogu alternatiba horren osaketarekin batera herri mobilizazioan aurrera egitea, era iraunkor eta zabal batean. Horrela bada, bihar, azaroak 14, arratsaldez, mobilizazio egun europarraren testuinguruan, eragile sozial ezberdinek deituta Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatu nahi du Ezker Abertzaleak.

Ezker Abertzalea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun