Kruzeroen kaiaren handitze lanen beteketarako materialak itsas hondoetatik aterako dituzte: “Baimendutako guneen dragatzetik hartuko diren hareak” eta “Bilboko Portuaren I Gunean egindako mantenimendu dragatzeetatik” hartuko direnak, edo “materialak garraiatzeko erauzte puntutik 3,8 eta 5,5 itsas milia arteko distantzia dago” kruzeroen kai berriaren proiektuaren memoriak dioenaren arabera, hau da, Abra kanpoaldeko 50 milioi m3-ko harea erauzteari Getxoko kai berri honen lanekin batera hasiera eman nahi diote.
Bestetik eta Abra zaintzeko eta babesteko helburua duen herri plataforma garen neurrian, ozen adierazi nahi dugu gure bokalean egiten diren beteketa lan berri guztiek natur gunea murriztu eta kaltea egiten diotela gure Abrari.
Gainera kruzeroen kaiaren handitze lanak ez dira beharrezkoak. 2006. urtean eraiki zen kaian 2 kruzerok atraka dezakete aldi berean, egoera hori 2012an birritan edo hirutan baino ez da gertatu eta kruzeroen kaia urtean 300 egun baino gehiagotan hutsik dago. Bi itsasontzi aldi berean urtean bizpahiru alditan badatoz, zenbatetan etorriko dira ba hiru aldi berean? Hau gertatzekotan ezin dira atrake datak eta denborak ondo antolatu azpiegitura guztien erabilerarekin egiten den bezala?
Hasi berri diren handitze lan hauek urte bat baino gehiago iraungo dute eta moilaren behealdea oinezkoen joan etorriari itxi egin zaio jadanik. Inguruari kalte nabaria egiteaz gain, hasiera batean 18.000.000 euroko aurrekontua duten lanak 14.000.000 eurotan esleitu dira. Oinarrizkoak diren beharretarako dirua falta larrian den honetan, dirutza hori eta kai berriaren urbanizazio lanetarako, terminal berria eraikitzeko eta abar luze baterako are diru gehiago xahutuko dute.
Diru publikoa denon onerako erabiltzea eta ez xahutzea nahi dugu, itsasoa zementopean itotzeari utz diezaioten eta itsas hondoetatik eraikuntza materialak ateratzearen aurka ozen altxatuko ditugu gure ahotsak!
Honengatik guztiagatik, Abra kanpoaldeko harea erauztearen aurka eta Getxoko kruzeroen kaiaren handitze lanen geldiarazpenaren aldeko elkarretaratzea deitzen dugu abenduaren 15ean zapatuan eguerdiko 12:30etan Bilboko Portu Agintaritzaren egoitzaren aurrean.
Abra bizirik! Punta Luzeron Dragarik ez! Kruzeroen kaiaren handitze lanei ez!
Getxon, 2012ko azaroaren 13an
Abra Bizirik Getxoko Plataforma