Urdulizko ospitaleari izena jarriko dio bihar Patxi Lopezek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 14a, 14:50

Patxi Lopez EAEko jarduneko lehendakariak plaka bat jarriko du ostegun honetan, azaroak 15, "Alfredo Espinosa ospitalea" izenarekin Urdulizen eraikitzen ari den ospitalean, horrela deituko baita ospitale hori, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuaren ohoretan. Hitzordua 11:30ean izango da, tokian bertan. Ekitaldian Espinosaren senide hurbilenak izango dira, baita Rafael Bengoa jarduneko Osasun eta Kontsumo sailburua ere. Aurten frankistek fusilatu zutela 75 urte betetzen direla, Alfredo Espinosa Oribe Eusko Jaurlaritzaren lehenengo Osasun sailburuaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen, uztailaren 4ko bilkuran, EAEko Gobernu Kontseiluak. Halaber, Urdulizko ospitaleari bere izena jartzeko beharrezko izapideak abiatzea erabaki zuten. Argazkian, 2010eko maiatzaren 17an jarri zuten Uribe Kostako ospitalaren lehen harria Urdulizen.

Espinosak Medikuntza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitatean, non Alfonso XIII. eta Miguel Primo de Rivera Erregimenen aurkako ikasle-taldeetan parte hartu zuen. 1926an ikasketak bukatu zituenean, Bilbora itzuli eta erradiologia saileko nagusi izendatu zioten Basurtuko Ospitalean. 1931ko apirilaren 12an zinegotzi hautatua, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta berehala, Bizkaiko Foru Aldundiko Biltzar Kudeatzaileko kide bihurtu zen. Gero Burgos eta Logroñoko Gobernadore Zibila izango zen. 1934an Unión Republicana sortu zenean, Bizkaiko presidente bihurtu zen eta Gerra Zibila hasi ondoren, Bizkaiko Defentsa Biltzarraren Komunikazio Delegatu izendatu zioten 1936ko abuztuan eta gero Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu.

Bere agintaldian (1936ko urritik 1937ko ekainera) Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriaz, baserri-higienez, laguntza sozialaz eta Bilboko Unibertsitatean Medikuntza Fakultatea sortzeaz arduratu zituen. Errepresio arbitrarioa saihesteari ere ekin zion.

1937ko ekainean, hegazkinez Frantziako Tolosatik Santanderrera bidaiatzen hasi zela, Eusko Gudarostearekin biltzeko, abioia Zarauzko hondartzan lurrartu zuen, pilotuaren saldukeriagatik. Frankistek atxilotu eta Gasteizko kartzelara eraman zuten. Epaitua herioz-zigorra jaso zuen "altxamenduarekin bat egiteagatik". 1937ko ekainaren 24an erail zuten, atxilotu eta bi egun geroago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun